Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, Gasteizen kalean lo egiten ari diren Maliko hainbat pertsona datozen orduetan eramango dituzte harrera baliabideetara. Azken hilabeteetan etengabe heldu dira nazioarteko babes eskatzaileak Gasteiza, eta asilo eskaera sistemak gainezka egin du. Gainera, konponbide eskaerek tentsioa sortu dute Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren artean.
Kalean dauden maliarren erdia inguru Oñati eta Berrizko harrera zentroetara bideratuko dute. Jakinarazi dutenez, handik, Estatuko beste lurralde batzuetara lekualdatuko dituzte 30-40 pertsona inguru.
Udatik hona 300 maliar baino gehiago igaro dira Gasteiztik. Gehienak Polizia Nazionalaren Salburuko komisariaren inguruan egon dira, eta askok bertan jarraitzen dute, asilo eskaera egiteko hitzordua lortzeko zain.Hiria erreferentzia bihurtu da asilo prozedura abiatu nahi dutenentzat, uste baitute bertan azkarrago lortzen dela hitzordua Estatuko beste leku batzuetan baino. Ondorioz, dozenaka pertsona kalean lo egiten ari dira egunero, batez ere gizon gazteak, komisariaren inguruko arkupeetan eta antzeko babeslekuetan.
Gasteizko Udalak bi baliabide ireki zituen salbuespenez azken hotz boladan, Zaramagan eta Aranbizkarran, asilo eskatzaileek gaua estalpean igaro zezaten, baina egun gehienetan kalean gelditzea beste aukerarik ez dute izan.
Neguak egoera larriagotu duen honetan, Espainiako Gobernuaren erantzun falta kritikatu du Nerea Melgosa Gizarte Ongizateko sailburuak. Bere esanetan, Euskadiko harrera sarea "saturatuta" dago, azken urtean Malitik etorritako 400 asilo eskatzaile baino gehiago artatu ostean. Hala ere, salatu du estatu mailako sarean "milaka plaza libre" daudela.