Aurten 50 urte beteko dira Gasteizko San Frantzisko Asis elizan Poliziak langileen batzarra gasez hustu eta tiroka eraso zuenetik. 1976ko martxoaren 3ko sarraskiak bost hildako eta ehunka zauritu utzi zituen, eta ondorengo egunetan beste bi pertsona hil zituen Poliziak Tarragonan eta Basaurin elkartasun mobilizazioetan. Eraso haren zauriak oraindik ere zabalik daude, eta bost hamarkadatan zehar biktimek egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu dituzte.
Memoria hori elikatu eta nazioarteko ikuspegiarekin aberastu asmoz, Oroiterri izeneko erakusketa inauguratuko da gaur Gasteizen, Martxoak 3 elkartearen eskutik. Urtarrilaren 8tik 29ra izango da ikusgai IAKn. Munduko hainbat herrialdetako oroimen euskarriak biltzen ditu proposamen honek, gatazka sozial eta politiko ezberdinen aztarnak, testigantzak eta sinbolo kolektiboak ekarri ditu hirira.
"Oroitarri" hitzak pertsona edo gertaera gogoangarri bati egiten zaion eskultura edo arkitektura lana adierazten du, antolatzaileen esanetan. Ideia horretatik abiatuta, erakusketak erakutsi nahi du nola mantentzen diren herrien memoriak kaleetan, gizarte zibilaren bidez.
Erakusketa martxoaren 3ko 50. urteurreneko egitarauaren parte da, eta helburu argia du: "herrien arteko ulermena sendotzea eta oroimen lan partekatua sustatzea, beste herrialde batzuetako esperientziak Gasteizera hurbilduz".
Egitaraua
Urtarrilaren 8an zabalduko ditu ateak erakusketak, Izaskun Arrue Kulturgunean, 19:00etan. Irekiera ekitaldia, bisita eta luntxa izango dira bertaratzen direnentzako. Bestalde, hainbat bisita gidatu antolatu dituzte datozen asteetarako:
Urtarrilak 10 (larunbata) - 12:00 - Bisita gidatua.
Urtarrilak 13, 14 eta 15 (asteartea–osteguna) - 10:00 eta 12:00 - Bisita gidatuak Koldo Mitxelenako ikasleekin.
Urtarrilak 15 (osteguna) - 19:00 - Paul Casalen kontzertua.
Urtarrilak 17 (larunbata) - 12:00 - Bisita gidatua.
Urtarrilak 22 (osteguna) - 19:00 - Ane eta Oihaneren kontzertua.
Urtarrilak 24 (larunbata) - 12:00 - Bisita gidatua.
Erakusketako piezak
Erakusketak hamar pieza nagusi biltzen ditu, herri eta gatazka ezberdinetako oroimen sinboloak. Tximeletak (Kolonbia), Erretaulak (Peru), Giltzak (Palestina), Melfa (Sahara), Muralak (Irlanda iparraldea), Zapi zuriak (Argentina), Siluetazoa (Argentina eta Latinoamerika), Paperezko txoriak – origamiak (Japonia), Kontzientziaren kanpaiak (Euskal Herria) eta Pankarta (Euskal Herria), hauek izango dira erakusketako euskarri garrantzitsuenak. Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, pieza bakoitzak bere herriaren borroka, dolua eta duintasuna islatzen ditu, eta guztiek batera memoria kolektiboaren mapa bat osatzen dute.