All in da house freestyle txapelketak hamar urte bete ditu aurten, eta amaitu da jada sailkapen fasea. Urtarrilaren 24an jokatuko da finala, Gasteizko Gaztetxean, ohi bezala. Euskal preso politikoen alde kantatuko dute sei freestylerrek, eta Arabako rap abeslari ugarik girotuko dute gaua.
Gaztetxeko kide baten askatasuna eskatzeko sortu zen dinamika, Ekaitz in da house izenburupean, eta behin aske gelditu zela, preso politiko guztien aldeko dinamika gisa mantendu da urteotan. Gainera, Gasteiztik kanpo salto egin eta Euskal Herri osora zabaldu da. Azken urteetan, Oñatin, Gernikan eta Hendaian egin izan dira kanporaketak, eta aurten Iruñera ere heldu da, bertan aurkeztu zuten ekimena lehenengoz, El Hadji gune autogestionatuan, sailkapen faseari ekin aurretik.
Hazten jarraitzen du ekimenak. Lan handia egiten dute antolatzaileek freestyler berriak ausartu daitezen txapelketan parte hartzera. Aurreko urteko finalistek ez dute parte hartzen hurrengo edizioan, eta jende berria erakartzen aritzen dira urtero antolatzaileak. Aurten ere partaide berriak izan dira Oñatiko Antixena, Gernikako Astra eta Hendaiako Enbata gaztetxeetan.
Finaleko egitaraua
Urtarrilaren 24an, 18:30etan zabalduko dira Gaztetxeko ateak, eta 19:00etan hasiko da ikuskizuna. Aurreko saioetatik sailkatuta, aurten oholtza gainean arituko diren freestylerrak hauek dira: Caliè, Estanga, "Lil" Zikuta, Papaya, Viñaspre eta Bizkarra. Anekdotas eta Txuti arituko dira aurkezle lanetan, eta Xerula DJ gisa, abeslariei musika jartzen.
Aurreko edizioetan bezala, lehenik eta behin freestyle ariketa izango da Gaztetxean. Ondoren, lehiaketan geldialditxoa eginda, 21:30ak aldera Arabako raparen erakustaldia izango da oholtzan, Showcase arabarra deitu dutena aurten ere, eta 22:30ak aldera azken ariketetarako sailkatu diren bi finalistek amaituko dute All in da houseko finala.