AMVISAk udal langileekin kudeatuko du bezeroarentzako aurrez aurreko arreta zerbitzua. Gasteizko udal gobernu taldeak eta EH Bilduk goizean iragarri dute zerbitzua publifikatzeko akordioa. Administrazio kontseiluak datorren ostiralean onartuko du neurri hori eta neurria martxan jarriko dute zerbitzua emateko kontratuaren indarraldia amaitu ondoren.
AMVISAko presidente Pascual Borjak eta EH Bilduko Rocio Viterok agerraldian azaldu dutenez, akordioa hainbat azterketa tekniko eta juridikoren ondoren iritsi da. Txosten horretan jasotzen da zerbitzuaren eraginkortasunari begira publifikazioa dela "aukerarik interesgarriena". AMVISAk 130.000 abonatu ditu Gasteizen.
Borjak azpimarratu duenez "bezeroarentzako arreta eraginkorragoa, hurbilagoa eta interes orokorrarekin erabat lerrokatua bilatzen dugu. Kudeaketa eredu berriak aukera emango du gure abonatuei eskaintzen diegun zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, lege berria betetzen dela bermatzeko eta baliabide publikoen erabileran eraginkortasuneko irizpideen arabera egiteko".
Lan gatazkak
Bestalde, EH Bilduko Viterok gogoratu du uraren zerbitzuaren bezeroarentzako arreta 2011tik kontrata baten bidez eskaintzen zela. "Ezohiko egoera da, hitzordu pertsonalizatuetan zuzeneko arreta eskaintzen zuten pertsonek AMVISAren instalazioetan egiten baitzuten, AMVISAren materialarekin, baina bertako langileak izan gabe. Gainera, lan gatazka ugari izan dituen kontratua da. Gaur egun, akordio honen bidez, egoera hau konponduko dugu, eta kalitatezko enpleguarekin zein AMVISA %100 publikoa, udalerriarena eta etorkizuna izango duena izan dadin Euskal Herria Bilduk bere gain hartutako konpromisoa erakutsi dugu”.
ELAk subrogazioa exijitu du
ELA sindikatuak ohartarazi du AMVISAko arreta zerbitzuan dauden sei langileen –horietako bost emakumeak dira– kaleratzea ekarriko duela akordioak, eta subrogazioa exijitu du. "Udal gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioak euren lanpostuen eta lan baldintzen alde borrokan aritu diren langileen kaleratzea ekarriko du", ziurtatu dute. ELAk azpimarratu du azpikontratatutako zerbitzuen publifikazioak defendatzen eta bultzatzen dituela, "baina ez langileen kontura", eta subrogazioa bermatzen ez badute mobilizazioak deituko dituela iragarri du.
"Akordioa ostiralean berretsiko da AMVISAren Administrazio Kontseiluan, eta horrek esan nahi du zerbitzua publiko egingo dela, baina kontratazio berriak eginez eta gaur egun zerbitzua eskaintzen duten langileak kaleratuz". Beraz, ELAk udal gobernuari eta EH Bilduri eskatu die hasierako jarrera berriz azter dezatela eta lehenik eta behin egungo plantillaren subrogazioa berma dezatela, "estatuko legeriak eta Europakoak ezartzen duten bezala".