Artium Museoak gaurtik aurrera hartuko du Euskadiko Filmategiaren Zinema eta Zientzia zikloaren bederatzigarren edizioa, ikus-entzuleei gogoeta proposatuz gizakiaren eta munduaren arteko harremana markatu duten gai zientifiko eta humanistiko nagusiei buruz. Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiak antolatutako programa bere ohiko egoitzetara itzuliko da, Euskal Herri osoan zehar. Horien artean, Gasteizko Artiumera. Urtarrilean zehar astelehenero izango da film bat ikusteko aukera, eta datozen hilabeteetan ere jarraituko dute filmak ematen.
Zikloak diziplina anitzeko ikuspegia eskaintzen du, eta biologia, fisika, ekologia, antropologia, matematika edo etika garaikidea bezalako arloekin lotutako filmak proposatzen ditu, zientziaren eta kulturaren arteko elkarrizketa sustatuz. Zikloa gaur bertan abiatuko da Gasteizen, El planeta de los simios filmaren proiekzioarekin. Zientzia-fikzioaren klasiko iraultzaile hau Juan Jose Gomez Cadenas DIPCko fisikari eta idazleak aurkeztuko du. Datozen hilabeteetan, film bakoitza DIPCko, EHUko eta hainbat ikerketa zentrotako adituek aurkeztuko dute, ikuspegi zientifiko eta humanista eskaintzeko pelikularen gaiari buruz.
Programak beste film esanguratsu batzuk ere jasoko ditu. Adibidez, datorren astelehenean, Haur basatia filma ikusi ahal izango da, François Truffauten lana, gizatasunaren eta hizkuntzaren aurkikuntzaren inguruko gogoeta emozionala. Besteak beste, David Fincher eta Aaron Sorkinen Sare soziala, Hitchcocken Los pajaros edo David Cronenbergen La mosca ikusteko aukera izango da Artiumen.
Saioetarako sarrerak Artium Museoko leihatilan eta webgunean eskuratu daitezke dagoeneko, eta antolatzaileek aurreikusten dute edizio honek ere ikus-entzule ugari erakarriko dituela, zientziaren eta zinemaren arteko elkarrizketa aberasgarriaren bila.