Bi mila sinadura baino gehiago jaso dituzte ikastetxeetan kamerak jartzearen kontra

Anakoz Amenabar 2025eko abenduaren 20a

Hainbat protesta egin dituzte ikastetxeetan. Argazkia: IAS

Hainbat ikastetxetan elkarretaratzeak egin dituzte "kontrol mekanismoen normalizazioa" dakarren neurriaren kontra.

Gasteizko Ikasle Antolakunde Sozialistak bi mila sinadura baino gehiago bildu ditu Eusko Jaurlaritza ikastetxeetan instalatzen ari den zaintza kameren eta mikrofonoen aurka. Salatu dutenez, Gela Digitalak proiektuaren aitzakiapean ezartzen ari diren gailu hauek ikasle zein irakasleen oniritzirik gabe jarri dituzte, "intimitaterako eskubidea urratuz".

Euren ustez, neurri honek "kontrol mekanismoen normalizazioa" dakar eta hezkuntza sistemaren "funtzio diziplinatzailea" nabarmentzen du, ikasleak etengabe zainduta egotera ohituta. Taldearen arabera, gela digital hauek ez diete ikastetxeen benetako beharrei erantzuten, eta instalazioak eteteko zein kamera guztiak kentzeko exijitu dute. Salatu dutenez, bideokonferentziak egiteko baliabideak direla esatea "aitzakia" bat besterik ez da plan digitalean aurrera egiteko. 

Aldiz, diru inbertsio horiek beste arlo batzuetara bideratu beharko liratekeela defendatu du Gasteizko IASek, hala nola azpiegiturak hobetzera, diru laguntzetara edota ikasle ratioen jaitsierara. "Hezkuntzaren Eraldaketa Digitala hezkuntzan ematen ari den erreformaren aurpegi bat gehiago da. Erreforma honek hezkuntza oligarkiaren egungo behar ekonomikoetara egokitu nahi du, ikasleoi gero eta heziketa pobreagoa eskainiz". Gainera, digitalizazioaren bidez hezkuntza negozio iturri bilakatzen ari dela salatu dute, hainbat enpresak produktu teknologikoen salerosketarekin "poltsikoak betetzen" dituzten bitartean.

Egoera honen aurrean, ikasle langileek "inposaketa" hori ezin dutela onartu adierazi dute, ikasgelan "bigarren mailako subjektu" gisa tratatuak izaten ari direla iritzita. Ikasle orori dei egin diote kameren kontrako borrokara batzeko eta antolatzeko. "Kontrola haien bidea bada, gurea antolakuntza eta borroka izango dira".

Bi mila ikaslek baino gehiagok sinatu dute ikastetxeetan kamerak jartzearen kontra. Argazkia: IAS

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago