CAFek egingo ditu Zabalganerako tranbiaren bederatzi unitate

Juanma Gallego 2025eko abenduaren 19a

Jaurlaritzaren arabera, konboiek "irisgarritasun hobea eta erosotasun handiagoa" izango dituzte. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

2028 eta 2029 bitartean entregatzekoak dira bederatzi konboi estraluzeak, 49 milioi euroan. 

 

Eusko Jaurlaritzaren Euskotren sozietateak bederatzi tranbia estraluze fabrikatzea adjudikatu dio CAF enpresari, ia 49 milioi euroan. 2028 eta 2029 bitartean entregatuko direla aurreikusi du Jaurlaritzak. Dioenez, bederatzi konboiak Euskotrenen esku egongo dira tranbia Zabalganera iristen denerako, eta Betoñuko kotxetegi berriak eraikita daudenerako. Konboiez gain, mantentze lanetan erabiliko diren piezak hornitzeko eskatu dio, ia lau milioi euroko zenbatekoan. Gidatze simulagailu baterako ere 1.190.000 euro bideratuko dituzte.

Unitateek 44 metro eta zazpi modulu izango dituzte, eta, Jaurlaritzaren arabera, "irisgarritasun hobea eta erosotasun handiagoa" izango dituzte. Tartean, bero handiko egunei aurre egingo dien klimatizazio sistema berria jarriko dute, eta "irisgarritasun unibertsalerantz aurrera egiteko" ezaugarriak izango dituzte. 400 lagun sartu ahalko dira unitate bakoitzean. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago