Arrazakeriaren aurkako kafe tertulia egingo dute larunbatean

Jon Hidalgo 2025eko abenduaren 17a

Auzoa eraikitzen dutela aldarrikatu zuten iaz Migratzaileen Nazioarteko Egunean. Argazkia: Bachue.

Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira, hausnarketa eta eztabaidarako gunea zabalduko du Gasteizko Arrazakeriaren Kontrako Asanbladak. Abenduaren 20an, goizez, Gasteiz Txikin.

Abenduaren 18an ospatuko da Migratzaileen Nazioarteko Eguna, eta testuinguru horretan kafe tertulia berezia antolatu du Gasteizko Arrazakeriaren Kontrako Asanbladak abenduaren 20rako. Ekimenaren helburua da arrazakeriaren aurkako kezka partekatzen duten pertsonak elkartzea, elkar ezagutzea eta gaur egungo egoerari buruzko gogoeta kolektiboa sustatzea.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, arrazakeria ez da fenomeno berria, baina azken urteetan indarra hartzen ari da. Gasteizen bertan hainbat adibide izan dira, Errotan segurtasunaren izenean egindako mobilizazioak, Salburuko gazteen aurkako Poliziaren sarekada edo kaleetan "gero eta ohikoagoa den" propaganda arrazista. Joera horiek guztiak gizartean zabaltzen ari diren diskurtso arriskutsu batzuen adierazle direla salatu dute.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen dute egoera sakon aztertzea, arrazakeriaren atzean dauden interesak identifikatzea eta fenomenoa bere osotasunean ulertzea. Aldi berean, arrazakeriari aurre egiteko tresnak sortu eta elkartasuna antolatzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Kafe tertulia abenduaren 20an izango da, larunbatean 11:00etan, Gasteiz Txikin. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, "pausu txiki baina beharrezkoa" baita arrazakeriaren aurkako borrokan indarrak batzeko.

Lau solasaldi gidatu

Tertulian zehar, hainbat eragiletako militanteek gidatutako solasaldiak izango dira. Bertaratzen direnak mahai batetik bestera aldatzen joango dira, eta gune bakoitzean arrazakeriaren aurkako militante batek gidatuko du eztabaida. Gai guztiak arrazakeriaren egungo adierazpenekin eta migrazioaren inguruko eztabaidekin lotuta egongo dira:

Migrazioa eta lana, Tinkuy-ko militante batek gidatuta.
Arrazakeria, faxismoa eta pobreziaren kriminalizazioa, EHKSko kide batekin.
Migrazioa eta inperialismoa, Askapenako militante baten laguntzaz.
Migranteak eta politika, LEJSEEko kide batekin, Espainiako Estatuan gazte eta ikasle saharauien ligatik.

Arrazakeriaren kontrako asanblada

Maiatzean aurkeztu zen Gasteizko Arrazakeriaren Kontrako Asanblada, hainbat kolektibo eta norbanakok osatutako plataforma, azken urteetan hiriaren eta Europako testuinguru zabalagoaren baitan areagotu diren joera arrazista eta erreakzionarioei aurre egiteko sortua. Kezka sozial handia eragin dute hainbat fenomenok, migratzaileen kriminalizazioak, poliziaren "presentzia itogarriak", propaganda faxistak eta hedabideetako buloek, eta asanbladatik argudiatu dute horien normalizazioaren aurrean antolakuntza kolektiboa ezinbestekoa dela. Asanbladak argi du arrazakeriaren gorakada ez dela kasualitatea, baizik eta testuinguru politiko eta sozial zabalago baten parte dela.

Taldearen ustez, egungo krisi kapitalistak eta inperialismoak sortutako migrazio fluxuek, ongizate estatuaren gainbeherarekin batera, pobrezia eta bazterketa areagotu dituzte, eta horrek migratzaileen aurkako kriminalizazio kultura elikatu du. Arrazakeria egitura kapitalistaren parte dela azpimarratzen dute: migratzaileen debaluazioa eta bazterketa betikotzen dituen mekanismo bat da, bai diskurtsoetan, bai politika zehatzetan, izan mugetako militarizazioa, kanporaketak, kriminalizazio mediatikoa edo segurtasunaren izenean zabaldutako mezuak, besteak beste. Ohartarazi dutenez, segurtasunaren inguruko diskurtsoak langile klaseko sektore pobreenak errudun bihurtzen ditu, arazoaren benetako erroa estali, hau da, miseria eta esplotazioa sortzen dituen sistema.

Horren aurrean, Asanbladak fokua aldatzea proposatzen du: arazoa ez da jatorria, baizik eta gizarte kapitalistak sortzen duen pobrezia eta desberdintasuna. Horregatik, klase ikuspegitik antolatzea eta elkartasuna eraikitzea funtsezkotzat dute, bai maila kulturalean (buloak gezurtatuz, kriminalizazioa salatuz, diskurtso arrazistak deseraikiz), bai kalean (ideia baztertzaileei espaziorik ez emanez). Helburua argia da: olatu arrazista eta erreakzionarioari aurre egin, eta migratzaileak zein bertako langileak norabide berean antolatzeko baldintzak sortzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago