Gaur hasi eta bihar arte, Gasteizko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako hamar ikastetxetako 672 ikasle parte hartzen ari dira Europa Biltzar Jauregian hasi diren XARE Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldietan.
Gaur goizean, Iñaki Gurtubai Euskara diputatuak eta Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzi ordezkariak harrera egin diete gazteei.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta euskara dira jardunaldien abiapuntuak, gazteen artean euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ikusaraziz. Orotara, zortzi lantegi praktiko, bi hitzaldi interaktibo, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida kolektiboa, zozketak, Zainduz Saretu ihes-jokoa eta Miren Narbaiza MICEren zuzeneko kontzertua izango dituzte eskura.
Zainduz Saretu ihes-jokoaren bitartez, aurten sare sozialetan gertatzen diren egoera errealak aztertuko dituzte gazteek. Besteak beste, gorroto diskurtsoak antzeman, ligatzerakoan red flag eta green flag seinaleak identifikatu, sexting-ari buruz gogoeta egin eta albiste faltsu edo gezurren aurrean nola jokatu hausnartuko dute. Lankidetzan, gai horien inguruko erabaki kolektiboak hartuko dituzte.