Baratza aretoak 12. urteurrena ospatuko du abenduaren 19tik 21era bitartean, Urteurrena Fest izeneko edizio berri batekin. Garazi eta Unai Lopez de Armentiak duela hamabi urte abiatu zuten "arte bizien proiektua", eta egindako ibilbidea aitortzeko erabiliko dute datorren asteburua. "Komunitatearen topaleku eta kultur gune sendo bihurtu da denboran zehar, auzoarekin loturak ehundu eta sormenari espazio propioa emanez".
Hainbat jarduera antolatu dituzte. Ospakizunak ostiralean abiatuko dira, dantza eta performanceak lagunduta. 19:30ean Patt Canhotoren dancehall female tailerra izango da. Canhotok dantzaren bidez jabekuntza, komunitatea eta gorputzaren ospakizuna lantzen ditu, eta "espazio segurua eta parte hartzailea" proposatuko du bertaratzen direnentzako. Ondoren, 20:30ean, Malandras bikote queerrak, Vitamlyn eta Patt Canhotok, ikuskizuna eskainiko du, "arauak desafiatu eta ukatutako lurraldeak aldarrikatzeko". Gauean, Dj Bihotzaren pintxadak girotuko du aretoa, eta festak jarraipena izango du Satelite tabernan.
Larunbatean, 20:00etan, Macarena Recuerda konpainiak Pelikula bat balitz lana aurkeztuko du. Pieza honek zinemako soinuak antzerki eszenan izan ditzakeen aukerak esploratzen ditu, irudiaren eta soinuaren arteko harremana dramatizatu, fikzionatu eta eraldatuz. Emaitza, azaldu dutenez, "harriduraz, umorez eta irudimenez beteriko bidaia bat" da, errealitatetik irudikapenera salto egiten duena.
Urteurrenari amaiera "poetiko eta ironikoa" eman nahi izan diote, eta horretarako, igandean 19:00etan, Parasite Kolektiboak Oracle Island antzezlanarekin itxiko du jaialdia. Marina Suarez, Helena Wilhelmsson eta Hannah Whelan dira lan honen protagonistak, eta erakutsiko dute nola lurreko pitzaduretatik igotzen diren gasek pitonisaren jakinduria dakarten. Pieza honek ironiaz eta kritikaz jokatzen du wellness kulturaren inguruan, ikuslea bidaia performatibo eta narratibo batean murgilduz.
Ostiraleko jarduerak doakoak dira, baina gonbidapena erreserbatu behar da webgunean. Tailerrerako izen emateko info@salabaratza.com helbidera idatzi beharra dago.Larunbat eta igandeko ikuskizunetarako sarrerak 10 euroan daude eskuragarri, eta 18 urtetik beherakoek %50eko deskontua dute. Gainera, Baratzak sarrera soziala eskaintzen du: ordaindu ezin dutenek info@salabaratza.com helbidera idatzi dezakete.
Hamabi urteko ibilbidea
Baratza Aretoa zentro independente eta alternatiboa da, eta 2013tik sustatu eta indartzen ditu arte bizi garaikideak . Sorkuntza garaikidea, ikerketa eta berrikuntza dira bere jardunaren ardatzak, eta sortu zenetik tokiko eszena babestu du, eta artista berrientzako anezka gisa funtzionatu.
Baratzak egonaldi artistikoak, klaseak, tailerrak eta programazio eszenikoa eskaintzen ditu, eta kultur arloko profesional askoren topagune bihurtu da. Aretoak, gainera, bitartekaritza artistikoa eta lan sozio-komunitarioa garatzen ditu Errota eta Alde Zaharra auzoekin, eta bere jarduna kultur eskaintzatik harago doa: hitzaldiak, aurkezpenak, topaketak eta bestelako ekimen anitzak hartzen ditu bere baitan.