'Bidegurutzea' erakusketak inauguratu du Arkabia

Anakoz Amenabar 2025eko abenduaren 16a

Lehendabiziko erakusketa inauguratu du gaur Arkabia kulturuneak. Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Arabako nortasunaren, bere ahotsen eta etorkizuneko erronken inguruko bilduma aurkeztu dute Vital Fundazioaren kulturune berrian.

Vital Fundazioaren kultura gune berriak, Arkabiak, lehenengo erakusketa inauguratu du gaur, Bidegurutzea izenburupean. "Arabaren nortasuna eta historia definitu dituzten ildo nagusei" erreparatzen die, lurraldearen aberastasuna eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko oinarri sendoak nabarmenduz. Erakusketa maiatzaren 17ra arte egongo da Gasteizko Posta kaleko 13-15 zenbakian dagoen kulturune berrian. Astearteetan izan ezik, egunero bisitatu ahal izango da, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opakuak adierazi duenez, Bidegurutzea Arkabiaren izateko arrazoiaren asmo adierazpen argia da: "Arabaz, haren nortasunaz, eraginez, aberastasunaz, potentzialaz eta jendeaz hitz egiten duen proiektua da". Bere aldetik, Miguel Angel Delgado erakusketaren komisarioak azpimarratu duenez, bilduma honek lurraldearen kultura anitzen eragina jasotzen du eta eraikitzen jarraitzeko "gako horien bidegurutzean" jartzen du arreta.

Erakusketak iragana, oraina eta etorkizuna uztartzen ditu lengoaia eta baliabide teknologikoen konbinazioaren bidez, "arabar guztientzako esperientzia" eskainiz. Hiru esparru nagusitan banatzen da, hiru begirada desberdin eskainiz, baina elkarri oso lotuta: Lurraldea marraztea atala Arabako nortasuna definitu duten zortzi ibilbide historikoren inguruan egituratzen da, hala nola Donejakue bidea edo Posta Errege Bidea, eta horiekin lotutako pieza garrantzitsuak erakusten dira. Lurraldeko ahotsak atalean, aldiz, Arabako historiako hamabi pertsonaia adierazgarri biltzen dira, Simon de Anda, Ernestina de Champourcin edo Micaela Portilla kasu, haien irudi animatuen bidez bisitariekin interakzioa sortuz.

Azkenik, hirugarren atalak, Etorkizunerako bidea izenekoak, Arabak datozen hamarkadetako erronka globalei eta propioei nola egiten dien aurre aztertzen du. Gizarteko hainbat sektoretako ordezkariekin egindako lanaren ekarpenak jasotzen dira bost arlo nagusitan: landa, hezkuntza, lurralde berdea, sormena eta industria-sektore abangoardistak.

Erakusketaren amaieran, bisitariek beren ikuspegia uzteko aukera izango dute. Arkabiak, gainera, doako bisita komentatuen programa bat ere eskainiko du, aldez aurretik izena emanda.

Maiatzaren 17ra arte izango da erakusketa Arkabian. Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago