indarkeria matxista

Bi gizon atxilotu dituzte 72 ordu baino gutxiagoan bikotekideei erasotzeagatik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko abenduaren 16a

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea Gasteizen. Argazkia: ALEA

Gasteizko Udaltzaingoak 53 eta 28 urteko bi gizonezko atxilotu ditu. Biak epailearen esku utzi dituzte.

Gasteizko Udaltzaingoak 53 eta 28 urteko bi gizonezko atxilotu ditu hiru egun baino gutxiagoan, beren bikotekideei lesioak eragitea egotzita. Bi atxilotuak epailearen esku utzi zituzten.

Lehen atxiloketa astelehen gauerdian izan zen. Emakume batek 092 telefonoaren bidez El Anglo auzoko etxebizitza batetik poliziaren laguntza eskatu zuen. Biktimak ohartarazi zuen arazo larriak zituela pisukidearekin mozkortuta zegoelako eta mehatxu egiten ari zitzaiolako.

Patruila etxera iritsi zenean biktimak azaldu zien gizonak eraso egin ziola, eta, horrez gain, errieta egin, iraindu eta mehatxatu egin zuen. Biktimak zituen lesioak egiaztatu ondoren, agenteek gizona atxilotu zuten, genero indarkeriako lesio delitu baten ustezko egile gisa.

Bigarren esku hartzea, berriz, larunbat goizean izan zen. 08:00ak baino minutu batzuk lehenago, 092 telefonora egindako dei batek ohartarazi zuen gizon baten eta emakume baten artean eztabaida handia izaten ari zela, zehazki, Erregearen Atarian. Bertaratu zirenean, agenteek bi emakume ikusi zituzten, eta haietako bat bestea lasaitzen saiatzen ari zen, oso urduri eta beldurtuta baitzegoen.

Biktimaren testigantzaren arabera, taberna batetik itzultzean hasi zen eztabaida bikotekidearekin, eta etxera iristean jarraitu zuen. Halako batean, gizona erasotzen hasi zitzaion, eta emakumeak bere burua defendatu behar izan zuen etxebizitzatik ihes egin ahal izateko. Lekuko batek eszena ikusi eta poliziari deitu zion.

Poliziak etxera joan ziren, eta ustezko erasotzailea aurkitu zuten. Bere bertsioa entzun eta biktimak zituen lesioak egiaztatu ondoren, 28 urteko gizona atxilotu zuten, genero indarkeriako lesio delitu baten ustezko egile gisa.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago