Gasteizko udal agintariek Herrandarren kalearen transformazio integrala inauguratu dute goizean. "Bulebar berde, irisgarri eta pertsonentzat pentsatua" bezala definitu dute, eta azken urteotako esku hartzerik garrantzitsuenetako bat dela azpimarratu du Maider Etxebarria alkateak. Duela ia hilabete amaitu zen obra, baina azken asteotan azken ukituak eman dituzte.
Eraldaketa sakona izan da kale horretan: espazio asfaltatua erdira murriztu da, 17.338 metro koadrotik 8.411 metrora pasatuz; zuhaitz kopurua, berriz, 353tik 460ra igo da eta 15.000 zuhaixka baino gehiago landatu dira. "Emaitza ingurune atseginagoa, berdeagoa eta osasungarriagoa da, mugikortasun jasangarria bultzatzen duena eta auzoen, ekipamenduen eta egoteko eremuen arteko lotura indartzen duena", esan du udalak.
Artea kalean
Gainera, kalearen erreforman txertatu dira Gasteizko artisten lanak, Artium Museotik ekarritako piezak eta Vasco-Navarro trenbide zaharra gogoratzeko oroitarria. Horiek guztiak ibilbidean barneratu dira ardatz berriaren nortasuna sendotzeko. "Obra amaituta, Herrandarren kalea hiriko espazio esanguratsuenetako bat bihurtuko da", esan du Beatriz Artolazabal alkateordeak.
Proiektuaren inbertsioa hamabi milioi eurokoa izan da, eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Bioaniztasuna Fundazioaren laguntza jaso du Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsekin finantzatutako Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) baitan.