1976ko sarraskitik 50 urte beteko direnean, ikasle greba deitu dute Gasteizko ikastetxe guztietan Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Antolakunde Sozialistak, Ikasle Abertzaleak ohiak, martxoaren 3rako. Kaleak hartzeko deia egin dute, aitortza egiteko "polizia frankistak eraildako bost langileei zein langile mugimendu antolatu osoari". Gasteizen antolatuko den bloke sozialistara batzeko deia ere egin dute.
Erreakzio faxistaren gorakada testuinguruan kokatu dute martxoaren 3rako proposamena, "estatuaren autoritarismoa areagotzen, pobrezia orokortzen eta militarizazioa handitzen", ari den garaietan. Horren aurrean, erreforma eta hausturaren arteko eztabaidan haustura politikoaren hautua berretsi dute, argudiatuz ezinbestekoa dela "kapitalismoarekin haustea eta alternatiba iraultzaile baten alde egitea".

Ikasturte hasieran abiatu zuten Borroka ez da eten kanpaina, Gasteizko kale eta ikastetxeetan antolakuntza indartzeko, eta lerro berean kokatu dute martxoaren 3ko deialdia. Asanbladak eta ekimen ezberdinak egin dituzten Gasteizko hainbat auzo eta ikastetxeetan, eta martxoaren 3an ere borrokarako deia egin dute.