Dirdaia eta Makriba taldeek irabazi dute Gazte Talent lehiaketa

Jon Hidalgo 2025eko abenduaren 14a

Dirdaia taldea Jimmy Jazz aretoko oholtzan. Argazkia: Borja Triviño

Nun eta Deus Ez taldeek ere aipamen bereziak jaso dituzte. Gasteizko jai ezberdinetan jotzeko aukera izango dute, sariaren parte.

Dirdaia eta Makriba talde arabarrak izan dira Gazte Talent talde eta bakarlari gazteen 11. edizioko irabazle nagusiak. Lehiaketak bi kategoria izan ditu aurten ere, eta Dirdaia izan da Laboral Kutxa Gazte Talent saria eskuratu duena, 25-35 urte bitartekoen atalean. Makribak, berriz, Gazte Talent saria irabazi du, 14-24 urtekoen kategorian.

Epaimahaiak bi accesit ere banatu ditu: Nun taldeak jaso du euskarazko talde onenaren accesita, eta Deus Ez taldeak emakumezkoen presentzia duen talde onenaren accesita.

Aurtengo edizioan guztira 41 proposamen aurkeztu dira. Aukeraketa batzordeak sei talde hautatu zituen finalerako: Dalton & Co, Dirdaia, Deriba, Deus Ez, Nun eta Makriba. Epaimahaiaren erabakia publikoaren botoekin osatu da. Herri bozketaren arabera, Dalton & Co izan zen abenduaren 8ko finaleko irabazlea, eta Makriba abenduaren 9koa.

Irabazle bakoitzak, Dirdaia eta Makriba taldeek, 1.000 euro jasoko ditu, eta Andre Maria Zuriaren jaietan Falerina Lorategian jotzeko aukera izango dute, ordainsariarekin. Accesita jaso duten taldeek 500 euro eskuratuko dituzte, eta kontzertuak jotzeko aukera ere izango dute. Nun taldeak Gazte Plaza ekimenean eta Araba Euskarazen joko du, eta Deus Ez bandak, berriz, San Prudentzio jaien baitan, Armentiako zelaietan, Arabako Foru Aldundiaren programazioan.

Gainera, datozen asteetan Jimmy Jazz aretoko talde teknikoak erabakiko du zein taldek izango duen musika-egonaldia egiteko aukera, ekoizpen eta kontzeptu teknikoak lantzeko helburuarekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago