Gasteizko Alde Zaharrean bizi zen familia bat etxegabetu dute Poliziak eta epaitegiko langileek gaur eguerdian. 21 Zabalgunea hirigintza elkartearen jabetzakoa da etxea. Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu dira, eta Txikita kalea moztu dute, kaleratzea burutzeko. Dozenaka lagun bildu dira familiari babesa adieraztera.
Familia etxetik atera eta gizarte zerbitzuetara bideratu dute. Lehen informazioen arabera pentsio batean emango diete behin-behineko ostatua, astebeterako, eta ez diete bestelako etxebizitza alternatibarik eskaini oraingoz. Hilabete gutxiko haur bat du familiak. Auzoan Bizi etxebizitza sindikatuak jakinarazi duenez, familiak ez zuen prozesu judizialaren berririk.
Beste norbaiti ordaindu zioten etxe hartan bizitzeko, eta ez zekiten gaur Polizia joatekoa zela. Etxegabetze agindua beste pertsona baten izenean zegoen, eta "egoiliar ezezagunei" bideratuta ere bai. Auzoan Biziko kideak etxegabetzea gelditzen saiatu dira, kontu tekniko batzuk tarteko, baina aurrera jarraitu du Poliziak.
Kaleratzearen aurka protesta egiteko elkarretaratzea deitu dute gaur arratsaldean, abenduak 11, 19:30ean Faroloian. Etxegabetze guztiak gelditzeko beharra aldarrikatu dute sindikatutik. "Orain beste etxe huts bat gehiago izango du Udalak auzoan", adierazi dute. Izan ere, salatu dutenez, Gasteizko Udala da hirian etxe huts gehien dituen erakundea, eta leporatu diote ez dituela erabiltzen etxebizitza problematikari aurre egiteko.