Berdintasunaren aldeko 2025eko Emakunde Saria Mentxu Ramilo Araujo politologo, ikertzaile eta dibulgatzaile gasteiztarrak jasoko du. Besteak beste, hamar urte bete berri dituen WikiEmakumeok lankidetza proiektuan eta sarean duen inplikazioa nabarmendu dute.
Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, gaur iragarri du aukeraketa Emakundeko egoitzan, sariduna bera bertan zela. Zuzendariak "berdintasunaren eta feminismoaren alde bi hamarkada baino gehiagotan egin duen ekarpena" nabarmendu du, eta azpimarratu du sari horren balioak gorpuzten dituela "bere konpromisoagatik, berrikuntzagatik, inpaktu sozialagatik eta emakumeen eskubideen defentsagatik".
Emakunde Sariaren epaimahaiak bere epaian nabarmendu duenez, Ramiloren ibilbideak erakusten du ezagutza librea emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean aurrera egiteko tresna indartsua izan daitekeela.
Wikipedia emakume erreferentzialez eta editoreez hornitzea lortzeaz gainera, Ramilok aktibista eta dibulgatzaile feminista gisa proiektu asko egin ditu, eta epaimahaiak aitortu du "kontzientzia eraldatzailea" sortzen duela, "hezkuntza, ikusgarritasuna eta ekintza kolektiboa uztartzen dituelako". Izan ere, emakumeen alfabetatzearen eta ahalduntze digitalaren aldeko prestakuntza ekintza nabarmentzen da, genero arrakala digitalak murrizteko eta informaziorako sarbidea ekintza-ahalmen bihurtzeko.
Bere ikerketa lanean, epaimahaiak politologoak emakumeen parte hartze politikoari buruz egindako lana ere baloratu du. Izan ere, erakundeek genero ikuspegidun politikak diseinatzeko eta tokiko erabakiak hartzeko modua eraldatzeko balio izan dute.
"Kontzientzia sortzea"
Bestalde, saridunak 2025eko Emakunde Saria eskertu du, gordailu libreetan irekitako lizentziekin ezagutza sortu, askatu eta partekatzera pertsona gehiago animatuko dituelakoan. "Sari honek historian zehar ikusezin bihurtu diren hainbat emakumeren ekarpenak dokumentatzeak duen garrantziari buruzko kontzientzia sortzeko balioko ahal du", adierazi du.
Ramilok Wikipedian boluntariotza proiektuetan laguntzen dioten pertsonak eta kolektiboak gogoratu ditu, Zehar-Errefuxiatuak eta Komuneroen Iberiar Sarea. "Guztion onerako eta justizia sozialerako lan egitera bultzatzen gaituzten eta inspiratzen gaituzten bizi-istorioak deskubritzen jarraituko dugu".