Lanuzteak eta mobilizazioak egingo dituzte Mercedes-Benzeko langileek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko abenduaren 11

Lanuzteak eta protestak deitu dituzte Mercedesko langileek. Argazkia: ELA

Behin behineko lanpostuen "prekarizazioa" salatu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta lana eta norberaren bizitza uztartzea "ezinezko" bihurtu dela.

Gasteizko Mercedes-Benz autogilearen enpresa batzordean gehiengoa duten ELA, LAB eta ESK sindikatuek lan txanda bakoitzeko ordubeteko lanuzteak deitu dituzte abenduaren 15etik 18ra. Enpresa batzordearen gehiengoak uste du gaurko egoera "jasanezina" dela eta langileak mobilizatzea dela irtenbide bakarra.

Mobilizazioak babestu ez dituzten UGT, CCOO eta Ekintza sindikatuekin kritiko azaldu dira gainerako zentralak. "Kontuan izan behar da mobilizazioak babesten ez dituzten sindikatuek bederatzigarren ordua eta aldi baterako lanerako enpresak sartzea onartu zutela hitzarmen kolektiboan".

Lanuzteak egiteko arrazoien artean, sindikatuek aipatu dute lana, familia eta norberaren bizitza uztartzea "ezinezko" bihurtu dela enpresan, hain zuzen bederatzigarren orduaren eta larunbateko lanaren ondorioz. "Horrek eta 2026ko egutegiaren inposizioak, inolako zubirik gabe, ezinezko egiten dute familia eta lana uztartzea", esan dute.

Halaber, salatu dute enpresaren proiektu berriak "presioa handitzea" eta "koakzioak" ekarri dituela. Sindikatuen esanetan, horrek langileen arrisku psikosozialak handitzea ekarri du eta enpresak ez du arrisku horien ebaluazioa egin oraindik. Bestalde, gogoratu dute 2023an adostu zutela gehiegizko lanaldiarekin sortutako atsedenaldiak hartzeko aukera eta enpresak ez duela akordio hori errespetatu, eta lanerako joan-etorriak asko luzatu direla autobus zerbitzua murriztu dutelako.

ADECCO bidez, "prekarizazioa"

ABLEak enpresan erabiltzea da ELA, LAB eta ESKren esanetan funtsezko arazoetako bat, eta langile berrien lan baldintzak prekarizatzeko "estrategia perfektua" bezala definitu dute. "Ez zaie beren lanagatik dagokiena ordaintzen, ez zaie arropa egokia ematen ezta norbera babesteko ekipamenduak ere, ez diete jasotako prestakuntza ordaintzen, finikito ulertezinak jasotzen dituzte eta ez dute ulertzen zer ordaintzen dieten ezta asteetan zehar 40 orduko baino gehiagoko jardunaldiak nola ordaintzen diren ere, ADECCOrekin duten komunikazio bakarra Whatsapp bidez da".

Sindikatuek diotenez, egoera horren aurrean Mercedesi erreklamazioak egin dizkiotenean erantzun bakarra izan da arazoa ADECCOrena dela.

Lanuzteak aurtengo ekoizpenaren azken astean izango dira, abenduaren 19tik 2026ko urtarrilaren 12ra arte Mercedesek jarduera geldituko baitu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago