Eskola orduz kanpo jolastokiak irekitzeko eskatuko du EH Bilduk

Jon Hidalgo 2025eko abenduaren 11

Txagorritxu eskolako jolastokia, artxibo irudi batean. Argazkia: Gasteizko Udala

Aire zabaleko kirol instalazio faltari aurre egiteko proposatu dute neurria, bereziki haur eta gazteek sozializatzeko.

EH Bilduk abenduko Udalbatzan aurkeztuko du proposamena, Gasteizko ikastetxe pubilkoetako jolastokiak eskola ordutegitik kanpo irekitzeko. Helburua da herritarrek espazio horiek erabili ahal izatea, bereziki haurrek eta gazteek aire zabalean jolasteko eta sozializatzeko aukera gehiago izan dezaten.

Koalizioak adierazi du neurriak hezkuntza komunitatearekin elkarlanean zehaztu beharko liratekeela, zein ikastetxe eta zein baldintzatan irekiko liratekeen adosteko. Jon Molina zinegotziak azaldu du proposamenak Gasteizko zenbait auzotan dauden aire zabaleko kirol instalazioen gabezia arindu dezakeela, hala nola Aranbizkarra, Judimendi, Adurtza, Zaramaga, San Martin, Txagorritxu, Zabalgana edo Ibailakua auzoetan. "Modu naturalean egingo luke, dagoeneko eraikita eta egoera onean dauden azpiegiturekin, haur eta gazteentzat berariaz pentsatuta daudenekin", nabarmendu du Molinak.

Molinak azpimarratu du jada badaudela zenbait ikastetxe non familiek eta ikasleek patioan jarraitzen duten eskolatik irten ondoren, urtaroaren edo eguraldiaren arabera. Proposamenak haurrei aisialdi osasungarriko alternatibak eskaintzea du xede, mugimendua eta elkarrekintza sustatuz, pantailen erabilera neurrigabearen eta aisialdi sedentarioaren aurrean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago