Irailaren 15etik dago martxan Emisio Gutxiko Eremua Gasteizen, baina lehen hiru hilabeteetan ez du isunik jarri Gasteizko Udalak. Aldiz, herritarrei informazioa helarazteko erabili da denbora hau. Egokitzapen fasea amaituta, datorren astelehenetik aurrera, abenduaren 15etik aurrera isunak helduko zaizkie EGEan baimenik gabe sartzen diren ibilgailuei.
Beatriz Artolazabal Espazio Publiko eta Auzoen zinegotziak lehen fase honen balorazioa aurkeztu du udalean. Egokitzapen ona egon da herritarren aldetik, gorabehera nabarmenik gabekoa, zinegotziaren esanetan. Egunero 4.000 eta 5.000 ibilgailu artean sartu dira EGEra, eta 50-80 ibilgailu soilik sartu dira baimenik gabe, %1,3-%1,6.
Udalaren datuen arabera, sartu diren ibilgailuen %93ek badute beharrezko ingurumen ziurtagiria. Eta bereizgarririk ez duten ibilgailuen artean gehienak salbuetsitako ibilgailuak izan dira, auzoko bizilagunak, garajeen titularrak, establezimenduekin lotutakoak edota mugikortasun urriko pertsonekin lotutako ibilgailuak. Artolazabalek adierazi duenez, egokitzapen faseak balio izan du abisuak bidaltzeko EGEn sartzen ziren hainbat ibilgailuri, 1.837 abisu gutun bidali ditu irailetik azarora, eta horietako askok epe hau erabili dute salbuespena eskatzeko haien ibilgailuarentzat, legeak onartutako irizpideren baten arabera.
Artolazabalek balorazio positiboa egin du: "EGE normaltasun osoz garatzen ari da, tentsiorik gabe eta herritarren aldetik erantzun eredugarriarekin". Astelehenetik aurrera 200 euroko zehapena jasoko dute baimenik gabe EGEn sartzen direnek. Zinegotziak argudiatu du helburua ez dela dirua biltzea, osasun publikoa hobetzea baizik.