'La Reina del Arga' helduko da igandean Monstrenkara

Anakoz Amenabar 2025eko abenduaren 9a

'Reina del Arga' obra taularatuko du Estefania de Paz Asinek. Argazkia: E.P

Twin Rebels taldearekin abiatuko dira larunbatean Jardunaldi Monstrenkoak, Gabonetako egitarau zabal baten atarian.

Gabonak gerturatzearekin batera, ohiturari jarraituz, arte eszenikoek eta musikak betetzen dute Gasteizko Monstrenka aretoa. Oraindik egitaraua erabat osatu gabe badute ere, iragarri dituzte lehenengo saioak: Twin Rebels, Estefania de Paz Asin, Lambe Lambe antzerki taldea eta bertako sortzaileen bukatu gabeko piezen erakustaldia.

Umoretik betiere, "arrastoa" uzteko helburuarekin datoz aurtengoan ere Jardunaldi Monstrenkoak. "Bartzelona 92, Dorre Bikiak edo, maila txikiagoan, aurreko eguneko lurrikara... denok gogoratzen dugu non geunden orduan. Baina, norberaren bizitza pertsonalean ere gertatzen dira horrelako astinaldiak. Eta Monstrenkoen helburua ere bada arrasto ezabaezin hori uztea", nabarmendu dute antolatzaileek. 

The Twin Rebels talde gasteiztarra da negu oro "epeltasun bila" Monstrenka aretora itzultzen den taldeetako bat. Aurten, inoiz baino berritasun gehiagorekin: ahots eta kantu berriak, tarteko. Behin There was a summer abestia sortu zuten Monstrenko Kolektiboak egindako Calma Chicha antzezlanerako, eta, "geroztik, ezin diote urteari agur esan aretoko oholtzatik igaro gabe". Hilaren 13an, 19:00etatik aurrera.

Hilaren 14an, 19:00etan, Estefania de Paz Asin nafarra helduko da La reina del Arga antzerki obrarekin. Ikuskizun honetan hainbat teknika eta lengoaia artistikok egiten dute bat: narrazioak, interpretazioak, objektuen antzerkiak, ilusionismoak, arte plastikoek, arkakusoen zirkuak, klownak eta zirkuak. "Ikuskizun xamur hau zirkuaren historiaz eta funanbulismoaren teknikaz mintzo zaigu, eta, batez ere, Remigia Etxarren Argako erregina ezagutaraziko digu". 

Objektu txikiekin eta txotxongiloekin sortutako istorioak ekarriko ditu, beste alde batetik, Lambe Lambe taldeak, publiko murritz bati kontatuko dizkiotenak; pertsona bat eta hiru artean emanaldi bakoitzean. "Kanpoko errealitatea irudikatu eta eraldatu nahi du, ikuslearengan emozioa eragin". Saio hauxe abenduaren 20an izango da, goiz eta arratsalde, Monstrenkatik kanpo, La Pelukona aretoan (Extremadura kalea, 12).

Egun berean, hilaren 20an, bertako hainbat sortzaile prestatzen ari diren piezen aurrerapenak ikusi ahal izango dira. Besteak beste, Ane Arrugaeta, Andrea Aristondo, Azkona, Parker eta Lurryrenak. 19:00etan, Monstrenkan bertan.

Laster izango dute programazioa osorik, baina dagoeneko eros daitezke lehendabiziko saioetarako sarrerak.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago