Euskal nortasunaren oraina eta etorkizunaz hausnartzeko parada abenduaren 12an

Jon Hidalgo 2025eko abenduaren 5a

Bosgarren emanaldia izango da Gasteizkoa. Argazkia: EzBerdin Berdinak.

EzBerdin Berdinak ikuskizuna Gasteiza helduko da datorren astean, eta bertako artistekin osatuko dute lantaldea, tokiko errealitatera egokitzeko. Euskal kultura inklusibo eta berritzailea aldarrikatuko dute oholtzatik.

Eusko Ikaskuntzak eta Kukai dantza taldeak gidatutako EzBerdin Berdinak proiektuak saio bakarra egingo du Gasteizen. Abenduaren 12an izango da, 19:00etan, Europa Biltzar Jauregiko Almudena Cid aretoan, eta sarrerak salgai daude jada.

Euskal nortasunaren kolore eta ahots anitzak elkarrizketan jarriko ditu esperientzia sortzaile eta parte hartzaile honek. Egitasmoak erdigunean jartzen ditu euskararen transmisioa, identitate berrien sorrera, egungo aniztasuna eta gizarte kohesioa. Hitza, musika, dantza garaikidea, bertsolaritza eta antzerkia uztartzen ditu, eta hiri bakoitzean formatu berezia hartzen du, tokiko izaerara egokituz.

Antolatzaileek azpimarratu dute ez dela berdina euskarak duen zentralitatea, bisitatzen duten Euskal Herriko txokoaren arabera, eta Gasteizko saioan bertako errealitatera hurbiltzeko ariketa egingo dute. Hala, bertako sortzaileek presentzia nabarmena izango dute. Askoa Etxebarrieta, La Pulga, flamenko dantzari gasteiztar ezagunak parte hartuko du 12ko emanaldian, bere "estilo propio eta indartsuarekin".

Josune Velez de Mendizabal aktorea ere izango da bertan, antzerkiaren bidez euskal nortasunaren ñabardurak taularatuko ditu berak, etxean, bertatik bertara. Velez musikariak ere hartuko du parte. Arrasatetik datorren arren, lotura estua du Gasteizekin, eta sortzaileak musika elektroniko eta esperimentalaren bidez kolore berriak gehituko dizkio ikuskizunari. Antolatzaileen esanetan, bertako artisten ekarpenek Gasteizko saioa berezi bihurtuko dute, oholtzara eramanez euskararen periferian bizi den hiri baten ikuspegia eta erronkak.

La Pulga flamenko dantzaria EzBerdin Berdinak ikuskizunean. Argazkia: EzBerdin Berdinak.

Kukai dantza taldeko kideez gain, saio bakoitzean 40 sortzaile inguru aritzen dira: abeslariak, aktoreak, dantza garaikideko eta urbanoetako dantzariak, flamenkoa, musika tradizionala eta elektronikoa, besteak beste. Diziplinen arteko elkarrizketa etengabea da ikuskizunaren oinarria.

Arrakasta frogatua

Euskararen bizi indarra nabarmentzea da egitasmoaren helburuetako bat, belaunaldi eta ikuspegi ezberdinak konektatzeaz gain. Etorkizunerako hausnarketa bat ere bada, euskal kultura inklusibo eta berritzailea irudikatzen lagundu nahi duena, ez artisten eskutik soilik, herritarrak ere gonbidatu nahi ditu "hausnarketa sortzaile kolektiboan" parte hartzera.

Gasteizkoa baino lehen, lau emanaldi egin dira, Donostian, Iruñean, Bilbon eta Garazin zehazki, eta guztira 1.000 lagun inguru bertaratu dira. Bi saiotan, ikuskizunaren ondoren galdeketa eta luntxa eskaini dira, eta Gasteizen ere formatu hori errepikatuko da.

Saioek publiko oso anitza erakarri dute, adin guztietako pertsonak, ikuspegi eta jatorri ezberdinetakoak. Esperientzia zutik eta mugimenduan jasotzekoa da, arte pieza bakoitza espazioaren txoko ezberdin batean gertatzen baita. Publikoak sortzaileen erritmoa jarraitzen du, eta horrek sortzaile eta ikusleen arteko "elkarrizketa berezia" eragiten du.

Emanaldi bakoitzaren ondoren, parte hartzaileek elkarrekin sortutako emozioak, ideiak eta galderak partekatzeko tartea izaten da, esperientziak piztutako hausnarketa kolektiboa sakontzeko. Bideo honetan ikus daiteke aurreko emanaldietako ikusleen iritzia, saioa ikustetik irten berritan:

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago