Hamargarren urteurreuna beteko du aurten Mazoka marrazki eta ilustrazio azokak. Abenduaren 19tik 21era, Gasteizko Montehermoso kulturunea hartuko du, marrazkilarien lana sustatzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Aurten, 30 profesionalek aurkeztuko dituzten euren lanak.
Sormena: txinpartak giza faktorea izaten jarraitzen du goiburu hartuta, antolatzaileek talentua, irudimena eta pertsona sortzaileen ahalegina babestu nahi dutela azpimarratu dute, "bereziki adimen artifizialaren bidezko hiperkomertzializazioaren aurrean". Lan horren erakusgarri izango dira azokako erakusmahaietan izango diren mazokalariak, askotariko estilo eta teknikak erakutsiko dituztenak. Kartelaren egileak, Ane Arzelusek, sortzaileak lehen lerrora eraman ditu, ilustrazioak diziplina ordezkaezin bat eskaintzen duelakoan: egile bakoitzaren begirada.
Programazio osagarria abenduaren 11n hasiko da Arabako Ilustrazioa: mazokalariak 2015-2025 erakusketarekin, Kordoi Etxean, non Arabako 60 profesionalen lana ikusi ahal izango den. Azoka abenduaren 19an inauguratuko da, Montehermoso ur biltegian, eta asteburuan zehar familientzako lantegiak, hitzaldiak, musika emanaldiak eta hainbat teknikaren erakustaldiak eskainiko dituzte. Horrez gain, Stop IA Gen eta Mazokaren kartelen historiari buruzko beste bi erakusketa ere egongo dira ikusgai Montehermoson.