Alokabideko bi familia etxegabetze arriskuan daude

Jon Hidalgo 2025eko abenduaren 4a

Alokabideren bulegoetan elkartu dira protestan etxegabetze arriskuaren aurka. Argazkia: Auzoan Bizi.

Etxegabetze guztiak gelditu eta alternatiba "duin eta iraunkorra" emateko exijitu du Auzoan Bizi sindikatuak. Eusko Jaurlaritzaren menpeko Alokabideren etxeetan bizi dira familiak, adingabeekin.

Auzoan Bizi etxebizitza sindikatuak salatu duenez, Alokabidek kudeatzen dituen etxebizitzetan bizi diren bi familia etxegabetze arriskuan daude, tartean lau adingabe. Gaur goizean sindikatuko kideak Alokabideren Gasteizko bulegoetan bildu dira, Samira eta Hamiden familien egoera salatzeko eta konponbide duin eta iraunkorra eskatzeko, kalean geratu ez daitezen. 

Sindikatuaren arabera, etxebizitzen berrakuratze prozesuetan diru kantitate handiak ordaindu zituzten, ofizialki alokatzen zuen pertsonak haiei berriz alokatzean, baina orain Alokabidek etxegabetze aginduak jarri dizkie. 

Alokabideren kudeaketa salatu du Auzoan Bizik. Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoa den Alokabidek, "bere diskurtsoan etxebizitzaren funtzio soziala aldarrikatzen duen arren", sindikatuaren arabera etxebizitza ugari hutsik eta abandonatuta mantentzen ditu. Urrian, Gasteizko bloke bakar batean hamabost etxebizitza hutsik zeuden. 

Argindarra eta erroldarekin arazoak

Hamiden familiak behin eta berriro argi mozketak jasan ditu Iberdrolaren aldetik. Sindikatuak salatu du multinazionalak, 2025eko lehen bederatzi hilabeteetan 5.307 milioi euroko irabaziak izan arren, ez diela argindarra berrezarri eta ez diela haien izenean jartzeko aukerarik eman. "Tenperatura minimoak 1-2ºC artean dauden egunotan, berogailurik gabe daude". 

Samiraren familiak hilabete luzeetan erroldarik gabe egon behar izan du, nahiz eta antolakuntza eta presio sozialaren bidez azkenean errolda lortu duten, salatzaileen esanetan. Hamiden kasuan, errolda soziala eskuratu arren, jabearen baimenik gabe ez dute bizi diren etxean erroldatzeko aukerarik izan, nahiz eta helbidea agertu Osakidetzako ziurtagirietan, umeen eskolako dokumentuetan eta epaitegietako aginduetan. 

Sindikatuak salatu du gizarte zerbitzuek ez dietela inolako irtenbiderik eskaini, eta egoera zaurgarrian dauden familien oinarrizko eskubideak babesteko mekanismoak ez direla aktibatu. Auzoan Bizi sindikatuak adierazi du antolakuntza eta borroka direla geratzen zaizkien tresna bakarrak. Horregatik, exijitu dute etxegabetze guztiak bertan behera uztea eta familiek kalean geratu ez daitezen alternatiba duin eta iraunkorra ematea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago