Izaki Gardenak taldeak disko berria aurkeztu du gaur goizean Izaskun Arrue Kulturgunean. Sitsak izeneko lana da, eta bitxikeriaz betea dator. Kantu berriak baditu, Sitsak eta Ausartenak esaterako, baina disko honetan bildu dituzte urteetan zehar solte argitaratzen joan diren kantu batzuk ere. Gainera, estreinakoz, bi bertsio sartu dituzte diskoan.
Bederatzi kantu elkartu dituzte lan honetan. Diskoan denak jarraian badoaz ere, biniloan bereizi egin dituzte bi aldeak. A aldean aipatutako bi kantu berriak sartu dituzte, eta baita Hamahiru eta Herio kantuak ere, Glenn Danzig eta Johnny Cashen bertsioa lehena, eta Gary Davisen bertsioa bigarrena.
Azken hau jotzen urteak daramatza Jon Basaguren abeslariak bakarka, letraren zati bat aldatuz tokian toki, eta orain diskorako Gasteizko martxoaren 3ko gertakarien erreferentzia sartu dute kantuan. Martxoaren 3aren bueltan grabatu dute Herio kantuaren bideoklipa ere, toma bakarrean grabatua, Zaramagako San Frantzisko Asiskoaren elizan.
"Kantu hauek izan dira sitsak, baina orain agian tximeleta bihurtuko dira, kolorea hartuko dute" adierazi du Basagurenek aurkezpenean. Basagurenez gain, Libe Kortazar, Dani Arrizabalaga, Joseba Baleztena, Aitor Agirre, Danilo Foronda eta Fede Egiluz aritu dira jotzen diskoan, eta Kortazarrek berak egin du diseinua.
Hainbat kontzertu iragarri dituzte urtea amaitu baino lehen egiteko, Gernikan, Arrasaten, Alegian, Gasteizen eta Donostian, zehazki, eta jotzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute, "nahi bagaituzte behintzat".
Hemen ikus daiteke Herio kantuaren bideoklipa, Itziar Garaluzek egina: