Ernai gazte erakundeak bart gauean Gasteizko Jose Lejarreta kaleko plaka kendu du "frankismoaren kontrako" ekintza gisa. Ernaik azaldu duenez Gasteizen "diktaduraren aztarnak bizirik dirautela" salatzeko egin dute ekintza, Lejarreta 1941 eta 1944 urteen artean Gasteizko alkate frankista izan zela gogoratuz.
Halaber, Ibaiondo auzoko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren Probintzia Zuzendaritzaren eraikineko Espainiako bandera kendu dute, "espainolismoaren kontrako ekintza gisa" eta "Euskal Herriaren aitortza ukatzen eta zapaltzen duen Estatu espainiarraren ikurraren aurka".
Euskal Herriko auzo eta herri guztietan, independentziaren aldeko eta espainolismoaren aurkako "ekintza desnormalizatzaileak" egiten ari dela esan du Ernaik prentsa ohar batean. Ekintzak Ekinez egin, gazteok independentzia! kanpaina nazionalaren baitan kokatu dituzte.
