indarkeria matxista

Sumisio kimikoa erabiliz eraso egin diotela salatu du emakume batek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko abenduaren 1a

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazioa. Argazkia: ALEA

Biktima autobus batean babestu behar izan zen ihes egiteko. Gasteizko udaltzainek bi gizon atxilotu zituzten sexu erasoa egitea egotzita.

Gasteizko Udaltzaingoak 28 eta 29 urteko bi gizon atxilotu ditu emakume bati sexu erasoa egiteagatik. Emakumeak salatu zuen gizonek substantziaren bat erabili zutela ukituak baimenik gabe egiteko.

Gertakariak igande goizean jazo ziren. 08:00ak aldera Udaltzaingoaren Koordinazio Zentralak herritarren segurtasuneko lanetan ari zen patruila bati Prado kalera joateko eskatu zion, hiriko autobus gidari batek arazoak zituelako bezeroren batekin eta ezin zuelako martxa hasi. Poliziak bertaratu zirenean gidariak azaldu zuen emakume bat iritsi zela korrika autobusera, izututa eta oinutsik, ibilgailuaren barruan babestera, eta gizon bat atzetik zuela.

Biktimak poliziaren aurrean salatu zuen bi gizonek substantziaren bat eman ziotela etxebizitza batean, eta bere borondatearen aurkako ukituak egin zizkiotela. Handik ihes egitea lortu zuela esan zuen, autobusean babestu arte.

Emakumearen atzetik zihoan gizonarekin ere elkarrizketatu zen polizia eta behin baino gehiagotan kontraesanak egin zituen bere adierazpenean.

Biktimak adierazitakoaren larritasuna ikusita, poliziek etxebizitza hori aurkitzeko beharrezko ikerketak egin zituzten, eta sartzea lortu zuten. Han aurkitu zuten bigarren gizonaren ezaugarriak guztiz bat zetozen emakumeak emandakoekin. Gainera, etxebizitzan egondako beste pertsona batzuekin elkarrizketatu ziren, eta biktimaren presentzia baieztatu zuten.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago