Arkabia kulturune berria aurkeztu dute

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 28a

Abenduaren 17an inauguratuko dute Posta kaleko kulturunea. Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Abenduaren 17an irekiko ditu ateak Vital Fundazioaren espazio kulturalak.

Arkabia gune kultural eta sozial berria aurkeztu du gaur Vital Fundazioak. Abenduaren 17an irekiko ditu ateak Gasteizko Posta kalean, eta helburua "trukerako, topaketarako eta sormenerako gunea" izatea da. Erakusketa gunea eta antzokia ditu, beste txoko batzuen artean.

2.800 metro koadroko azalera duen kulturune berria "gune ireki eta bizia" izateko diseinatu dute, azaldu dutenez, kultura esperientzia parte-hartzailea eskaintzeko. Lau espazio nagusi ditu. Horien artean, 800 metro koadroko erakusketa gunea nabarmentzen da, diseinua, arte digitalak, zinema eta ingurumena bezalako gaiak jorratuko dituzten aldi baterako erakusketak hartzeko prestatua. Lehendabiziko erakusketa Arabari buruzkoa izango da, haren etorkizuneko erronkak nabarmentzeko sortutako proposamena, hainbat lengoaia eta multimedia baliabide uztartuz.

280 eserleku ditu kulturune berriko antzokiak. Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Bizia izeneko bigarren kultura proposamen bat ere barne hartzen du Arkabiak, 410 metro koadroko areto balioaniztuna, 281 eserlekuko edukiera duena, baina zutik 400 pertsona baino gehiago hartzeko gaitasuna duena. Espazio horretan, Vital Fundazioaren eta beste elkarte batzuen kultura jarduera zabala antolatuko dute, kontzertuak, hitzaldiak, antzerkia eta dantza barne. Gainera, metodologia parte hartzailea duten ziklo kulturalak eskainiko dituzte, musika sorkuntza edo belaunaldien arteko ezagutza trukea bezalako gaiak jorratzeko. Goiko solairuan, Arkabia Plaza dago, 150 metro koadroko elkargune soziala, herritarrentzat pentsatua, diseinuak interakzio soziala eta kultura trukea sustatzea helburu duena.

Gune berri honen zutabeetako bat hezkuntza konpromisoa izango da, azaldu dutenez

Arduradunek azaldu dutenez, gune berri honen zutabeetako bat bere konpromiso sozial eta hezkuntza konpromisoa da. Arkabiak "publiko bisitariaren eraldaketarako motorra izatea" du helburu, gizarteko hainbat sektore hartzeko lan eginez, hezkuntza komunitateari lehentasuna emanez. Irakasle eta ikasleek edukiak ezagutzeko aukera izango dute bitartekariek lagunduta. "Dibulgatzea, inspiratzea eta gure publiko bisitariaren eraldaketarako motorra izatea dugu helburu. Gizarteko hainbat sektore hartzeko lan egitea da gure konpromisoa, eta hezkuntza komunitateak lehentasunezko lekua du", azaldu du Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opakuak. Hezkuntza eskaintza hori zabaltzeko, astean behin publiko guztientzako bisitaldiak eta asteburuetan familiei zuzendutako tailer irekiak antolatuko dituzte.

Programazio zabala

Hasiera emateko, abenduaren 17tik urtarrilaren erdialdera arte luzatuko den programazio zabal eta askotarikoa eskainiko du Arkabiak. Besteak beste, hainbat musika emanaldi izango dira, Rita Payes, Ruper Ordorika eta Eñaut Elorrietaren eskutik, eta antzerkirako tartea ere izango da Iñaki eta Alba Carreterorekin, Victor Eliasekin edota Daniel Fezekin.

Sarreren salmenta eta programazio osoaren xehetasunak www.arkabia.eus webgunean aurkitu daitezke. Bestalde, programazioak antzerkia eta bakarrizketa ere hartzen ditu barnean. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago