Joseba Cabezas gogoratuko dute Jazz Uhinak zikloan

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 28a

Gasteizko udaletxean aurkeztu dute Jazz Uhinak zikloa. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Zikloak hogei urte bete dituela ospatzeko, sei kontzertu izango dira abenduaren 9tik maiatzaren 26ra.

Une gozoa bizi du Jazz Uhinak zikloak, hogei urte beteko dituelako, baina baita gazia ere, jaialdiaren sortzaile eta sustatzaile Joseba Cabezas galdu dutelako berriki. Hurrengo edizioa "aurrera ateratzeko zaila" izan dela aitortu du Gustavo Muñoz Jazzargia elkarteko presidenteak, baina Cabezasen omenez egin dute ahalegina. Bi hamarkada ospatzeko kartela ere haren omenez egin dute, koloretako betaurrekoekin gogoan.

Hogei urteko ibilbidea ospatzeko sei kontzertu berezi izango dira, jazzaren iragana, oraina eta etorkizuna uztartuz, tradizioa, berrikuntza, pedagogia eta konpromiso soziala ardatz hartuta. Denboraldia abenduaren 9an hasiko da Vocal Groove & Faith Collective gospel abesbatzarekin, eta urtarrilaren 20an Juanma Montoya gitarra jotzailearen txanda izango da, flamenko garaikidearen proposamena ekarriz.

Zikloaren helburu hezitzaileak garrantzi berezia hartuko du 2026ko otsailaren 24an eta martxoaren 10ean. Lehenik, Luis Aranburu Udal Musika Eskolako eta Jesus Guridi Kontserbatorioko Big Bandek beren lana erakutsiko dute, eta gero, haien jazz comboek hartuko dute protagonismoa, inprobisazioa eta sormen askatasuna bultzatuz. Berrikuntzaren ildotik, apirilaren 14an Astrid Canales soul artista gaztearen musika sofistikatua eta mezu sozial indartsua entzun ahal izango da.

Zikloa maiatzaren 26an amaituko da, 20. urteurrenerako bereziki sortutako Euskal Bostkotearekin; bertan, Euskal Herriko jazzaren funtsezko bost lagunek beren konposizio propioak eskainiko dituzte: Iñigo Ruiz de Gordejuela, Borja Barrueta, Ander Garcia, Asier Ardaiz eta Jean Marie Ekai.

Sarrerak eta abonamenduak salgai daude dagoeneko, eta informazio guztia Ondas de Jazz zikloaren webgunean aurki daiteke.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago