"Kantauri isurialdeko azoka enogastronomiko garrantzitsuena" bueltan izango da datorren asteburuan. Ardoaraba jaialdiaren hemezortzigarren edizioa ospatuko da abenduaren 5etik 8ra. Larunbata eta astelehena jai izango dira, asteburu luzea, eta formatu laburragoa izatear behartu ditu antolatzaileak. Hala, ekimen batzuk lehenago abiatuko dira, Shop & Wine jarduera gaur bertan, 27an, eta Summum jarduera larunbatean, azaroaren 29an.
Gune ezberdinak izango ditu Ardoarabak. Karpa bana egongo da Probintzia plazan, Foru enparantzan eta Plaza Berrian, eta upeltegien standak egongo dirabertan. Guztira 163 ardo aurkeztuko dituzte 36 upategik, eta 54 proposamen gastronomiko ekarriko dituzte ostalaritza elkarteek. Probintzia plazan Gure Ardoak Espazioa izango da, Arabako Errioxako ardo "bikainenak" eskainiko dituena wine bar formatuan.
Ardo, txakolin eta sagardoaren inguruko programazio didaktikoa, helduentzako eta haurrentzako tokiko gastronomia eta ostalaritzako 47 establezimenduren parte-hartzearekin osatuko dute eskaintza. Guztira, 172 ardo, menu eta pintxo desberdin dastatzeko aukera izango da hiriko taberna eta jatetxeetan.
Aurten ere taloitegiak eskainiko dituzte, dastapen guneetan, ostalaritzako establezimenduetan eta Txoko Gastronomikoan trukatzeko. 22 euroko prezioan 28 puntu jasoko dituzte erosleek. Vital Fundazioaren eskutik, karpetan Music & Wine kontzertuak izango dira. Gainera, mahainguruak egingo dira Arabako Errioxako ardoen egoerari buruz, Jose Ignacio Junguitu enologoaren gidaritzapean.
Ardoaraba sariak zeinek jasoko dituen ere herritarren esku egongo da. Ardoarabaren webgunean bozkatu daiteke zein den bakoitzaren upategi gogokoena, eta zein pintxorik gogokoena.