Gasteizko Udaltzaingoak egunero egiten dituen txostenetan ez da delitugileen jatorriari buruzko informaziorik emango. Ertzaintza urri amaieran hasi zen herritartasuna aipatzen, PP eta Voxen eskariz. Baina Maider Etxebarria Gasteizko alkateak argi esan du ez duela hori baimenduko "alkate eta Udaltzaingoaren buru gisa".
Asteazkeneko Segurtasun batzordean Cesar Fernandez de Landa Segurtasun zinegotzi jeltzaleak mahai gainean jarri du jatorria aipatzeko aukera, PPren galderei erantzunez. Fernandez de Landak adierazi du "beti ongi etorria dela gardentasun instituzionala, arlo honetan eta guztietan, laguntzeko datu errealak izaten, horien gainean lan egiteko". PPko Iñaki Garcia Calvo ere neurriaren alde agertu da, "beharrezkoa" delakoan.
Baina Segurtasun batzordean zabaldutako aukera itxi du Etxebarria alkateak. Sare sozialetan adierazi du "Segurtasun batzordean sortutako zalantzen aurrean", argitu nahi izan duela Gasteizko Udalak ez duela aldatuko Udaltzaingoaren informazio politika. "Uko egiten diot atxilotuen eta delitugileen jatorria argitaratzeari. (...) Atxilotuen jatorria argitaratzeak ez du laguntzen delinkuentziaren aurka egiten. Hiritarren segurtasuna hobetzeko kalean agente gehiago, baliabide gehiago eta Poliziaren koordinazio gehiago behar da, eta horretan ari gara lanean".
Arartekoa ere aurka
Ertzaintzak politika aldatu zuela eta, Arartekoak ofizioz ekin dio gaiari, eta Ertzaintzari galdetu dio ea zergatik egin duten aldaketa hau. Erantzuna jasotzean ikusi beharko dute ea ekintza gehiago hartuko dituzten erabakiaren aurrean. Ez da lehen aldia Arartekoa jatorria aipatzearen aurka agertzen dena.
2011n Arartekoak gomendio sorta bat osatu zuen, eta bertan azaltzen zuen Poliziaren prentsa oharretan saihestu beharko liratekeela "nazionalitateari egindako erreferentziak, ez badira guztiz beharrezkoak informazio orokorra ulertzeko". Jatorria jakinarazteak, Arartekoaren ustez, ez du laguntzen atzerritarren integrazioan, "giza errealitate horren ikuspegi negatiboa zabaltzen duelako", eta aurreiritzi eta estereotipoak sortu edo zabaldu ditzakeela ohartarazi zuen duela hamarkada bat baino gehiago. Europako Arrazakeria eta Intolerantziaren aurkako Batzordeak ere gomendatu du jatorria ez aipatzea.
Gasteizko Udaltzaingoak egingo ez badu ere, bidea ireki du Ertzaintzak. Joan den urriaren 22an adierazi zuen Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak irizpidea aldatu zutela. Bere hitzetan, "hobe da gauzak diren bezala esatea, estigmatizatu gabe, eskuin muturrarekin borrokan aritu beharrean". Izan ere, legebiltzarrean PP eta Vox alderdien "presio izugarria" jasan behar izan duela adierazi zuen sailburuak.