73 komunitate-baratze zabalduko ditu udalak Salburuan

Jon Hidalgo 2025eko azaroaren 26a

Abetxukon eta beste auzo batzuetan jada badaude antzeko ekimenak martxan. Argazkia: Gasteizko Udala

50 metro karratuko lursailak banatuko dituzte, behin lurra prestatzeko obrak amaituta. EAJ, PSE eta EH Bilduren arteko akordiotik sortu da proiektua.

Gasteizko Udalak partzela berri bat egokituko du hiritarrek lurra lantzeko aukera izan dezaten. Kasu honetan Salburuan sortuko dituzte baratzeak. 73 "hiri-baratze" zabalduko dituzte auzoan, eta aurrerago lur gehiago eskaintzeko aukera izango duela iragarri dute.

PSE eta EAJren Udal Gobernuak EH Bildurekin egindako aurrekontu akordioan adostu dute 300.000 euroko partida bideratzea ekimen honetara. 7.000 m² egokituko dituzte baratzeentzako, baina 12.300 m² ditu lursailak, eta etorkizunean gehiago egiteko aukera izango da. Elorriagako Atea, Varsovia hiribidea, Budapest hiribidea eta Galileo kalearen arteko lursailean ezarriko dituzte baratzeak, 50 m²-koa bakoitza.

Behin proiektua enpresa bati esleituta, sei hilabetez luzatuko dira lanak. Lursailaren malda gainditzea da asmoa, lurra berdintzea, eta terrazak sortuko dituzte baratzeen artean. Behin lanak amaituta hasiko dituzte lurrak hiritarrei eskaintzeko pausoak.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak adierazi duenez, "hiri-baratzeek ez dute soilik elikagaiak landatzeko aukera ematen, harremanak ere lantzen baitituzte". EH Bilduko Xabier Ruiz de Larramendiren hitzetan, "egungo krisi klimatikoaren testuinguruan, autokontsumoa eta tokiko ekoizpenak bultzatu behar dira. Baina are garrantzitsuagoa da herritarrak horren partaide bihurtzea eta horrekin lotutako kontzientzia herritarra eraikitzea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago