Izaskun Arrue Kulturguneak, Arabako Bertsozale Elkartearekin elkarlanean, Bertsolekuak egitasmoa jarriko du martxan Gabonetako oporraldian. 10 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako "bertso‑abentura kulturala" izango da, euskaraz jolasteko, sormena lantzeko eta "bertsolaritzaren magia gertutik bizitzeko" aukera eskainiko duena.
Bertsolekuak goizez antolatuko dituzte, 9:30etik 13:30era, abenduaren 26tik 29ra. Helburua da haurrei "inguru hurbil eta atsegina" eskaintzea, euskaraz aritzeko, bertsotan esperimentatzeko eta euskal kultura modu ludikoan ezagutzeko. Antolatzaileen esanetan, egitasmoaren xedea da "umeek ondo pasatzea, lagun berriak egitea eta bertsolaritzarekiko jakin‑mina piztea".
55 € balio dituzte udalekuek, baina familia bereko bigarren umeagatik 45 euro besterik ez dira ordaindu beharko, eta hirugarrenagatik 40. Internet bidez eman daiteke izena, esteka honetan.
Bertso udalekuez gain, Negulekuak izeneko ekimena ere eskainiko dute IAKn, 7-9 urte bitarteko haurrentzako. Udaleku kulturalak izango dira hauek ere, abenduaren 26tik 30era, eta sarean eman daiteke izena.