Kulunkaren ibilbidea ospatuko du Gasteizek

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 25a

Martxoaren 19an eskainiko dute 'Forever' lana. Argazkia: KULUNKA

Azken hamabost urteotako 'Forever', 'Solitudes' eta 'André eta Dorine' lanak taularatuko dituzte martxoan.

Gasteizko neguko antzerki denboraldiaren barruan hamaika proposamen izango dira, eta berezienetako bat Kulunka taldeari egingo dioten omenaldia. Hamabost urte bete ditu Hernaniko konpainiak, eta euren hiru ikuskizun sarituenak ikusi ahal izango dira Felix Petite antzokian. 

Gasteizko oholtzetan aski ezagunak diren Garbiñe Insausti eta Jose Dault artisten eskutik heldu zen Kulunka konpainia duela hamabost urte. Madrilgo RESAD eskolan ikasi ostean, lengoaia eszeniko berriekin esperimentatzeko asmoz ekin zioten bideari, eta intuizioak bultzatuta hasi ziren maskarekin lanean. "Hasieran espero ez bazuten ere, hitzik gabeko adierazpide hau bilakatu da euren ardatz eta ezaugarri nagusia. Aktoreen aurpegiera ezkutatzen duen teknikak sormen pizgarri gisa funtzionatzen du Kulunkarentzat, istorio konplexuenak ere esentziara eramateko ahalmen handia baitu", gogoratu dute Gasteizko Udal Antzoki Saretik.

Konpainia honek berehala lortu du tokia Euskal Herriko antzerkigintzako izen nagusien artean, eta nazioarte mailan ere proiekzio handia lortu du, munduko 30 herrialdetan baino gehiagotan eskaini baititu emanaldiak. "Maskararen bidezko antzerkiak eskaintzen dituen aukerak bikain baliatuz, bere lanek mugak zeharkatu eta ikusleak hunkitzea lortu dute, lengoaia unibertsala erabiliz".

Konpainiaren urteurren borobila ospatzeko asmoz, Kulunkaren hiru ikuskizun sarituenak taularatuko ditu hirian. Bertako publikoak konpainiaren sorkuntza arrakastatsuenak gozatu ahal izango ditu, berrienetik hasita: Forever (2023), Solitudes (2015) eta André eta Dorine (2010) lan ezagunak. Hiru emanaldiak Felix Petite antzokian (Ibaiondo gizarte etxea) izango dira, martxoaren 19an, 20an eta 21ean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago