Aurten ere izotz pista eta txirrista itzuliko dira Gasteizko Florida parkera. Abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra arte egongo dira zabalik. 5,70 euroko prezioa izango du izotz pistak 16 urtetik gorakoentzat, eta txikientzat 3,55 eurokoa. Txirrista erabiltzeko, berriz, 1,25 euro ordaindu beharko dira.
Abenduaren 12an, ostiralez, inauguratuko dute gunea, 18:00etan. Patinatzeko bi eremu egongo dira, helduena eta haurrentzakoa, eta goiz eta arratsalde egongo dira zabalik. 10:30etik 14:30era, eta 16:00etatik 22:00etara. Gabonetako egun berezietan 20:00etan itxiko ditu ateak, baina larunbatetan luzatu egingo dute ordutegia, gaueko 00:00ak arte, eta DJen musika saioak izango dira bertan.
Aiteko Management enpresari esleitu dio izotz pistaren kontratua udalak, eta abenduaren 1ean hasiko dura muntaketa lanekin. 26.000 euro bideratu ditu Tokiko Gobernu Batzordeak gasteiztarren aisialdirako espazio honetan. Iaz 55.014 erabilera izan zituzten pistak eta txirristak, zabalik egondako 24 egunetan zehar.
Noria
Andre Maria Zuriaren plazan, berriz, noria bat egongo da biraka urtarrilaren 6ra arte. Ostiral honetan zabalduko ditu ateak, azaroaren 28an. 5 euro ordaindu beharko dira erabiltzeko, 24 kabina klimatizatuetako batean sartzeko. Sei laguneko taldeak sartu daitezke gehienez, eta hotzik pasa gabe igo ahal izango dira 30 metroko altuerara, plazako eraikinen teilatuetatik gora.