Gasteizko Udaltzaingoak 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuen larunbat arratsaldean, bikotekidearen kontra indarkeria fisikoa modu jarraituan erabiltzea egotzita. Genero indarkeriaren esparruko delitua leporatu diote ustezko erasotzaileari.
Udaltzaingoari 15:00ak aldera deitu zioten Valladolid kalera joateko, lekuko baten arabera, bertan eraso matxista bat gertatu baitzen. Patruila iristean, gizon bat eta emakume bat aurkitu zituzten, eta banan-banan elkarrizketatu ziren haiekin.
Azaldu zutenez minutu batzuk lehenago eztabaida bat izan zuten, eta gizonak emakumeari eraso egin zion. Emakumeak minduta zituen eskua eta aurpegia. Biktimaren arabera, eraso horiek ohikoak ziren bikotekidearekiko harremanetan.
Bien azalpenak entzun ondoren eta irudi batzuk eta lekuko baten adierazpenak ikusita, poliziek ustezko erasotzailea atxilotu zuten.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.