Gasteizko Itaiako kide diren Alazne Basterra eta Uxue Riorekin hitz egin dugu, azaroaren 25era begira egin dituzten irakurketen inguruan. Faxismoaren gorakadari lotuta, kezkaz ikusten dituzte indarkeria matxista eta arrazakeria lotzen dituzten diskurtsoak, eta konponbideak bilatzeko instituzioek dituzten mugez ohartarazi dute. Mobilizaziorako deia egin dute gaur, 18:30ean, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta.
Zer nabarmendu nahi izan duzue aurtengo kanpainan?
Alazne Basterra: A25 honetan matxismoaren normalizazioaren aurka kaleak hartzeko deia zabaldu nahi izan dugu. Matxismoa egiturazkoa bada ere, azken urteetan matxismoaren normalizaziorako joera oso nabaria ikusten ari gara. Eskuin muturreko alderdiek etengabeko zabalpena ematen diete diskurtso misoginoei eta, aldi berean, instituzioetan, komunikabideetan zein kalean ideia eta jarrera matxistak erreproduzitzen direla ikusten ari gara.
Uxue Rio: Era berean, azken hamarkadetan kaleetan zeuden aldarriak hartu eta instituzionalizatu zirenean, instituzioak progresismoaren ikur bilakatuz, kaleko erantzun antolatua apaldu zen. Gaur egun, eraso matxista baten aurrean zaila egiten zaigu kaleak betetzea, gaitzespen soziala sortu beharrean, gure egunerokotasunean normaltasun osoz txertatu dira. Aldiz, inoiz baino garrantzia handiagoa dauka ideologia faxista eta matxista horien aurka kaleak hartu eta antolakuntza indartsu bat garatzeak.
Nola lotzen da indarkeria matxistarekin diskurtso erreakzionario eta faxisten gorakada?
A.B.: Ideia hauek, batetik, emakumeen eskubideen kontrako diskurtsoak erreproduzitzen dituzte, emakumeok gutxiesten gaituzten ideiak, eta bestetik, emakumeon irudi sexualizatua eta deshumanizatua indartzen dute.
U.R.: Ultraeskuineko alderdiek, indarkeria matxistarekin amaitu nahi izatetik urrun, erasoak baliatzen dituzte diskurtso arrazistak eta pertsona migranteen aurkako gorrotoa zabaltzeko. Araban, adibidez, haien makineria komunikatiboa martxan jartzen dute, ez indarkeria matxistarekiko edo erasotuekiko kezka dutelako, baizik eta aipatutako helburu politikoa betetzeko. Diskurtso horien atzean, gainera, indarkeria matxistaren existentzia beraren ukapena ere badago. Kontrara, jakin badakigu eraso gehien-gehienak inguru hurbilean ematen direla, bikoteak, bikotekide-ohiak edo senideren batek gauzatuta.
"Instituzioak, emakumeon babesa eta ongizatea bermatzetik urrun, indarkeria matxista kudeatzera mugatzen dira"
A.B.: Indarkeria matxistaren aitzakiarekin arrazakeria eta segurtasun-eza hainbeste normalizatu dira, ezen Zupiriak delitugileen jatorria ere argitaratu duen. Gainera, diskurtso erreakzionarioen inpunitatea argia da, esaterako, abortu-zentroaren aurrean elkartu izan direnen kasuan ikusi den bezala.
Sare sozialetako influencerren mezuek eragin handia dute gazteengan.
U.R.: Guztiz kezkagarria da gazteen artean sare sozialetan zabaldutako ideia erreakzionarioek hartu duten lekua. Horren adibide da Espainiar Estatuan lau mutil gaztetik batek uste izatea indarkeria matxista asmakizun ideologikoa dela, eta emakumeok babesten gaituzten lege eta neurrien aurrean, gizonak guztiz babesgabe sentitzen direla. Gainera, kaleetan dagoen desmobilizazioaren eraginez gazteen kontzientzian eragiteko gaitasun handiagoa dute diskurtso horiek, ez baitago horiei maila berean aurre egiteko gai den indarkeria matxistaren aurkako indar antolaturik.
A.B.: Esanguratsua da ere influencer misoginoek eta erreferentziazko neska-mutil dirudunek zabaltzen dituzten diskurtso zapaltzaileak “erradikaltzat” hartzen dituztela, eta ondorioz, gazte sektorean modu nabarmenean normalizatu dira diskurtso eta jarrera matxistak.
Aldundiak berak esan du igotzen jarraituko dutela indarkeria matxistaren kasuek, eta salaketek.
U.R.: Indarkeria matxistaren errealitatea egunerokoan bizi dugu Gasteizen. Astero hainbat eraso ateratzen dira argitara, baina beste hainbeste gure hiriko kaleetan, etxeetan, ikastetxeetan edota kirol taldeetan ematen dira. Gainera, are gehiago dira ezagutzen ez ditugun kasuak edo inpunitate osoz egiten direnak.
A.B.: Azpimarratu beharra dago matxismoaren errealitatea egiturazkoa dela, eta beraz, gizarte kapitalistan ezin dela indarkeria matxistarekin amaitu. Hortaz, ez badugu zapalkuntzan oinarrituko ez den gizarte antolaketa bat sortzen, ez dugu eraso sistematiko hauekin amaituko.
Konponbidea instituzioetan bilatu beharrean kalean bilatzea aldarrikatzen duzue. Zergatik?
"Ezin ditugu instituzioak alternatiba bezala kokatu, kaleetan indarra berreskuratzeko momentua da"
A.B.: Instituzioak, emakumeon babesa eta ongizatea bermatzetik urrun, indarkeria matxista kudeatzera mugatzen dira eta askotan horretan ere huts egiten dute. Izan epaitegietan, erasotzaileek etengabe urratzen dituztelako urruntze aginduak. Izan aldundian, dauden beharrei erantzuteko nahikoak ez diren baliabideetan murrizketak eginez. Hor ditugu CARMEko langileak plantilla murrizketaren eta zerbitzuaren pobretzearen aurka borrokan.
U.R.: Egoera hauek ez diote erantzuten alderdi batzuen edo besteen kudeaketari, baizik eta indarkeria matxistari aterabidea emateko duten egiturazko ezintasunari. Kanpora begira esaten duten arren berdintasunarekiko konpromisoa eta botere aldatzailea dutela, errealitatean ez dute gaitasunik emakume langileon errealitatea aldatzeko, alegia, gure lan zein bizi baldintzak gero eta okerrerago doaz.
A.B.: Beraz, ezin ditugu instituzioak alternatiba bezala kokatu, kaleetan indarra berreskuratzeko momentua da. Ideia erreakzionarioei atea itxi eta matxismoaren aurkako jarrera susatu behar dugu: ahalik eta jende gehienarenaga iritsiko den lan ideologiko eta kulturala egin behar dugu eta erasoen aurrean erantzun irmo eta argiak ematen jarraitu behar dugu. Lan horrek, matxismoaren aurkako borroka proposamen politiko batekin lotzeko aukera eman behar digu, errealki matxismoarekin amaitzeko potentzialitatea duena.
Indarkeria matxistaren aurkako borroka beste borrokekin lotu behar dela diozue, eraldaketa sozial eta ekonomikoekin.
U.R.: Bizi dugun zapalkuntza egiturazkoa da eta, beraz, haren aurkako borroka kapitalismoaren aurkako borrokaren baitan kokatu behar dugu. Horrela, etika askatzailea oinarri izango duen gizarte sozialista baten bidean lan egin behar dugu.
A.B.: Hori ez da egun batetik bestera gertatuko den zerbait. Eta, horregatik, helburu horretara begira indarkeria matxistarekin amaitzeko proposamen politikoa garatu dugu, hiru zutabe izango lituzkeena. Lehenik, eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzungo duen indar politikoa eraikitzea. Bigarrenik, indarkeria matxista jasan duten emakumeek beren bizitzarekin aurrera egiteko kalitatezko baldintzak borrokatzea, eta azkenik, kultura matxistatik milioika irabazi eskuratzen dituzten industria, enpresari eta proxenetei aurre egitea.