Gasteizek eddy kobariantzarako fluxu dorre bat izango du aurki, horrelako gailu bat jartzeko lizitazioa atera baitu udalak, 70.000 euroan. San Martingo udal bulegoetan paratuko dute berotegi efektuko gasen neurketa zehatza egiten duen gailua, eta 25 metroko altuera izango du, baina eraisgarria izango da. Besteak beste soinu anemometro bat izango du, eta CO2a zein ur lurruna neurtu ahalko ditu. Erradiometroa, tenperatura edota hezetasun erlatiboa ere neurtuko ditu, bero fluxuen berri izanik.
Gailu hauek ekosistema baten eta atmosferaren arteko gas eta energia fluxuak neurtzeko dorre meteorologikoak dira, eta klima aldaketaren eta ingurumenaren gaineko ikerketarako erabiltzen dira. Hala, karbono dioxidoa eta berotegi efektuko beste gas batzuen fluxuak neurtuko ditu denbora errealean, hiriko emisio inbentarioak balioztatu eta zehaztasunean hobetzeko. Neurketak zuzenean konbinatuko dira Copernicus satelite sistemaren datuekin, CLMS-Cities proiektu europarraren baitan.
Fluido batean sortzen den zirimolari deitzen zaio eddy, eta klimaren eta meteorologiaren alorrean, eddy kobariantzaren bitartez airearen turbulentzietan dauden aldaketak jasotzen dira, klima aldaketa ulertzeko tresna gisa erabiliz.