Lehen barnahaus zentroa ireki dute Gasteizen

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 20a

Nerea Melgosa sailburua izan da Gasteizko barnahausen aurkezpenean. Argazkia: IREKIA

Sexu abusuen biktima diren adingabeei arreta integrala eta koordinatua emateko zerbitzua da, eta berbiktimizazioa ekiditeko asmoa du. Adingabeak laguntza psikologikoa eta juridikoa jasoko du prozesu osoan zehar.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehen barnahus egoitza jarri da martxan Gasteizen. Sexu indarkeriaren biktima diren umeak eta nerabeak babesteko sortu da zentroa, eta berbiktimizaziorik gabeko arreta integrala eta koordinatua eskaintzen du. Barnahusen sartzea borondatezkoa, doakoa, konfidentziala eta biktimen eta haien familien duintasunarekiko errespetuzkoa izango da.

Arabako adingabeak artatuko ditu eta etorkizunean beste lurralde batzuetan ezartzeko erreferentzia izango da. Lehen aldiz, gizarte, osasun eta polizia zerbitzuek, baita zerbitzu judizialek ere, teilatu berean egiten dute lan, haurtzarora egokitutako ingurune atsegin eta seguru batean.

Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udalaren arteko proiektu bat da zentroa, eta administrazio bakoitzak izango du bere ardura.

Bost adingabetik batek jasan du sexu indarkeria

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailaren datuen arabera, 2020tik 2023ra bitartean 1.009 salaketa erregistratu ziren adingabeko biktimekin egindako sexu delituengatik, eta 2020an 130 kasu izatetik 2023an 448 izatera igaro ziren.

Gainera, gora egin dute neskenganako indarkeria kasuek bikotekideen edo bikotekide ohien aldetik (%25) eta sexu-indarkeriako delituek (% 24,2). Save the Children erakundearen datuen arabera, Euskadiko bost adingabetik batek sexu indarkeria jasan du.

Haurrak babesteko protokoloa

Adingabeak Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren gizarte zerbitzuen bidez bideratuko dira barnahausera, eta zentrora iristen direnean talde anitzeko hasierako harrera eta ebaluazioa egingo zaie. Era berean, zentroko psikologoarekin beren beharretara egokitutako terapia bat egiteko behar duen denbora izango dute. Era berean, barnahusen bertan, haien osasun baldintzak behatzeko osasun azterketa bat egin ahal izango zaie.

Adingabeak prest daudenean (eta inoiz ez lehenago),  gertatu zaienaren kontakizuna egingo dute psikologoarekin batera. Gertakarien berri lanbide ingurune seguru batean eman ahal izango dute, kontakizunean sakondu beharrik gabe.

Deklarazio gelara konektatuta, ondoko gela batetik, barnahuseko koordinatzaileak, Ertzaintzak, fiskaltzak eta medikuen taldeak zuzenean jarraituko dute adingabearen kontakizuna. Epaileak online jarraituko du, eta haur horren kontakizunak epaitegiko deklarazio baten balio judizial bera izango du. Adingabeak laguntza psikologikoa eta juridikoa jasoko du prozesu osoan zehar.

Lantaldea finkoan lau lagun

Ekipo finko batek eta ekipo mugikor batek osatzen dute barnahauseko lantaldea. Alde batetik, lantalde finkoa lau pertsonak osatzen dute: koordinatzaile batek, administrari batek, psikologo batek eta gizarte langile batek. Talde mugikorra gizarte langileek eta psikologoek osaturiko gizarte zerbitzuen bi binomiok osatzen dute. Pediatra batek, auzitegiko mediku batek, ginekologo batek, Ertzaintzak, fiskaltzak eta epaileek ere ekipo mugikorra osatzen dute.

Erlazionatuak

Ikusi nahi ez dena argitzeko urratsak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022 urt 03 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago