Gertuko sukaldeak eskatu dituzte Gasteizko eskola publikoetako jantokietarako

Jon Hidalgo 2025eko azaroaren 20a

Eskola elikaduraren inguruko jardunaldiak egin zituzten ekainean Salburuan. Argazkia: Gozo Salburua

'Gasteizko Eskolen Sukaldeak' plataforman dihardute hogei guraso-elkarte baino gehiagok, jantokien eredu osasungarri eta pedagogikoago baten alde lanean.

Gasteizko eskola publikoetako hogei guraso elkarte baino gehiagoren ordezkariek Gasteizko Eskolen Sukaldeak plataforma eratu dute, jantokien egungo eredua eraldatzeko herri ekimena. Helburua da ikastetxe bakoitzak berezko sukaldea izatea, tokiko produktuak, eta eskolan sustatutako elikadura ereduak haurren hezkuntza eta ikastetxeen autonomia lehenestea.

Egungo jantoki zerbitzuaren kontratua 2026ko ekainean amaituko da, eta plataformatik adierazi dute horrek aukera ematen duela eredua berriz pentsatzeko. Hala laburbildu du helburua Aitorrek, Ramon Bajoko ordezkariak: "Gure seme-alabak erdigunean jarriko dituen eredu bat nahi dugu, kalitatezko janaria eta lurraldean errotuta egotea bermatuko duena, eta langile nahikoak eta orientazio pedagogikoa izango dituen zaintza zerbitzu bat".

Hainbat lan ildo jarri dituzte martxan helburuak lortzeko. Eskola publikoetako jantokietan sukalde propioen eredua sustatzearen alde egingo dute, batetik, eta elikadura ikaskuntza prozesuan txertatzeko eskatu dute, "eguerdiko hezkuntza proiektua" izan beharko lukeela. Jantokietarako sistema "bidezkoago, iraunkorrago eta komunitarioagoa" bultzatuko dute, eta gardentasuna eskatuko dute jantoki zerbitzuaren kudeaketan.

Parte hartzeko deia

Egiten ari diren lana ezagutarazi eta presio egiteko mobilizazioak iragarri dituzte, Gasteizko eskola publiko guztietan, azaroaren 27rako. Elkarretaratzera deitu dituzte hezkuntza komunitateko kideak, familiak barne, aldarrikapen bateratu baten baitan: "Jantoki eredu honi ez. Gertuko sukaldeak eta ratioak jaitsi".

Ekimenarekin bat egitera deitu dituzte herritarrak, ideiak partekatuz eta hurrengo mobilizazioetan parte hartuz. Interesdunentzako helbide elektroniko bat ere jarri dute eskura: gasteizko.eskolen.sukaldeak@gmail.com. Gogorarazi dute Eusko Legebiltzarrak 2019an aho batez onartu zuela eskoletako jantokien inguruko akordio bat, Jaurlaritzari eskatuz sukalde propioak eraikitzeko hala eskatzen zuten ikastetxe guztietan. "Konpromiso hori gauzatzeko garaia" dela azpimarratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago