Gasteizko rokodromoetako langileek amaitutzat eman dute hamar eguneko greba mugagabea, eta lanera itzuli dira, erabiltzaileei eskaintzen dieten zerbitzuaren aldeko konpromisoa berretsiz. Astearte gauean jakinarazi dute erabakia, udalarekin eta PrismaGlobal enpresarekin izandako elkarrizketen ondorioz.
Langileek adierazi dutenez greba "eraginkorra" izan da, eta "partzialki ase" dira planteatutako helburuetako batzuk. Zerbitzua kudeatzen duen PrismaGlobal enpresak eta Gasteizko Udalak konpromisoa hartu dute langileen eskubideak errespetatzeko, langileen egoera erregulatzera bidean.
Grebaren amaiera iragarri duten egun berean, aurretik, langileek kontzentrazioa egin dute udaletxe aurrean, kirol batzordean aurkeztutako zortzi eskakizun mahai gainean jarriz. Langileen arabera, elkarrizketa lortu izanak bultzatu du lanera itzultzea.
"Erabiltzaileek ordaindu duten zerbitzua merezi dute, eta pozik gaude eskaintzeko aukera izateaz", adierazi dute. Hala ere, ohartarazi dute borrokak jarraitzen duela. "Elkartuta, antolatuta eta adi jarraitzen dugu, bi eragileek egindako proposamenak bete daitezen zain".