Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista lelopean mobilizazioak antolatu ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 25ean hiriburuetan. Gasteizen, 19:00etan izango da manifestazioa, San Anton plazan hasita. Indarkeria matxistak sostengatzen dituen "konplizitate sareak eta anaidiak" salatuko dituzte.
Astelehen honetan Gasteizen egin duten prentsaurrekoan salatu dute urrats bat ematen duten aldiro oldarraldi berri batek erantzuten diela, "testuinguruaren arabera artikulatzen eta egituratzen dena". Oldarraldia "eskuinean nahiz ezkerreko sektore erreakzionarioan" dagoela adierazi dute, eta feminismoaren aurkako diskurtsoak "inpunitate osoz" zabaltzen direla sareetan, komunikabideetan edota kalean.
"Itun patriarkala"
"Are gehiago, azkenaldian, Euskal Herriko hainbat txokotan erasoak publikoki salatzera atera garenean ere, boikotatuak eta gutxietsiak izan gara", esan dute, eta feministen aldarriei eta ekintzei zilegitasuna kentzen saiatzen direla gaineratu dute.
Azaldu dute azaroaren 25ean salatuko dituzten konplizitate sareak "itun patriarkalak" direla; ez soilik gizonen artean egindakoak, baizik eta indarkeria matxista lehen mailako arazo sozialtzat hartzen ez duten eragileak ere. Justizia jarri dute adibide moduan: "Justiziak etengabe uzten gaitu babesgabe eta sinesgarritasunik gabe".
Horrekin batera, arrazakeria zabaltzeko feminismoa eta indarkeria matxistaren aurkako mezuak "erabiltzen" dituztenak seinalatu dituzte. "Sistema arrazista eta kolonialista betikotzen dituzten egiturak salatzen jarraituko dugu".

Itaia, inpunitatearen aurka
Bestalde Itaia erakundeak ere indarkeria matxistaren aurkako egunean mobilizatzera deitu du, "matxismoa ukatzen eta indarkeria normalizatzen duten ideia faxisten aurka, eta erasotzaileen inpunitatearen aurka". Hala, azaroaren 25ean 18:30ean Gasteizko Andre Maria Zuritik egingo dute manifestazioa.
Urte hasieratik, astero indarkeria matxista kasu berriak argitara atera direla azpimarratu du Itaiak. "Aurten sei emakume erail dituzte Euskal Herrian eta beste hainbat eraso matxista salatu dira Gasteizen: gizonezko batek bere pisuko errentari bati sexualki erasotu du, emakume bat hiru egunez atxiki eta jo du bikotekide ohiak, eta gizon bati kartzela zigorra ezarri diote bere bi alabak modu jarraituan bortxatzeagatik, besteak beste".