Julene Gatzagaetxebarria

"Ez dugu beldurrik izan behar eraiki dugun hori eraitsi eta gainean eraikitzeko"

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 16a

Julene Gatzagaetxebarria, Zuloa liburu dendan. Argazkia: ERLANTZ ANDA / ALEA

"Bizi garen erritmo frenetikoan" hausnarketarako gonbita luzatu nahi dio irakurleari idazleak  'Etengabeko (ber)eraikuntzan' poema liburuarekin.

Zu Non, Han DA! egitasmoari esker, Euskal Herri osoko 19 dendatan Durangoko Azokan eskuragarri egongo diren liburu berrien aurkezpenak egingo dituzte. Horien artean, Gasteizko Zuloa liburu dendak azaroaren 19an, 19:00etan, Julene Gatzagaetxebarriaren Etengabeko (ber)eraikuntzan (Gasteiz, 1997) liburuan oinarritutako poesia errezitaldia eskainiko du.

Batera deialdia irabazi zuen 'Etengabeko (ber)eraikuntzan' lanak. Nola sortu zen proiektu honetan parte hartzeko ideia?

Liburu bat argitaratzea ez zen nire asmoa hasieran, baina Sara Oregi lagunarekin noizbait hitz egin nuen etorkizuneko proiektua izan zitekeelako; berak ilustrazioak eta nik olerkiak. Eta aurreko urteko irailean ikusi nuen Batera deialdia, oinarriak irakurri nituen, eta aukera paregabea iruditu zitzaidan justu amets hau betetzeko. Aurkeztu genuen aurrekontua, memoria eta bestelakoak, eta irabazle suertatu ginen.

Zer suposatu du horrek praktikan? Zer da Batera?

Deialdi honek daukan berezitasuna da ez dela deialdi arrunt bat, zeinetan diru laguntza ematen dizuten eta liburua argitaratzen dizuten. Hasiera-hasieratik egin behar duzu prozesu guztia. Hau da, argitaletxe batek egingo lukeena: edizioa edo maketazioa, banaketa eta pauso horiek guztiak guk egin behar izan ditugu. Deialdian bertan azaltzen da nola crowdfunding bat ere egin behar den. Prozesuak lan handia eskatu du eta gogorra izan da, baina, aldi berean, oso polita, ikusi dugulako zein den liburu batek duen bizitza hasieratik, eta ondorioz zein den liburuak duen lana eta balioa.

"Autokritikarako unerik ere ez dugu izaten gizarte frenetiko honetan"

Nolakoa izan da elkarlana Sara Oregi ilustratzailearekin?

Nik niretzako idazten nituen olerkiak, barruko sentimenduak askatzeko. Banituen nahikotxo olerki idatzita -liburuan 53 daude-, bazegoen oinarri bat, baina ilustraziorik ez. Olerki bakoitzean zer nolako ilustrazioa nuen buruan azaldu nion Sarari, orientazio modura, eta hala osatu dugu liburua. Orain ez dut imajinatzen liburua ilustraziorik gabe, zeozer faltako litzateke, gorputza hartzen dutelako olerkiek ilustrazioekin. Sekulako artista da Sara. Oso ondo moldatu gara elkarrekin, oso gustura ibili gara.

IAKren Batera deialdiarekin argitaratu du lehenengo liburua Julene Gatzagaetxebarriak. Argazkia: E. ANDA / ALEA

Zergatik aukeratu duzu poesia?

Poesian aurkitu dut sentimenduak azaleratzeko modu bat. Poesiaz gustatzen zaidana da ematen dizun patxada; askotan gertatzen da olerki bat birritan edo gehiagotan irakurri behar dela ulertu ahal izateko, eta hori ere iruditzen zait badela poesiaren edertasunaren parte. Eta ez hori bakarrik, bakoitzak bere testuinguru eta bizipenen arabera olerkiari interpretazio bat eman diezaioke, idazleak eman dionaren guztiz desberdina, eta hori orain irakurleekin partekatzea ere oso polita iruditu zait.

Betidanik idatzi izan duzu?

Bai. Txikitatik gustatu izan zait idaztea, baina idazteari utzi nion, eta orain dela lau bat urte berriro hasi nintzen; egoera animiko txar batean nengoen eta idazteari ekin nion barruko sentimendu horiek kanporatzeko. Uste dut denoi gertatzen zaigula, askotan terapia moduan erabiltzen dugula idaztea. Orain, atzera begiratuta, ikusten dut zeinen gaizki pasa nuen, baina gero horrek fruituak eman dituela eta liburuan ere islatzen dela nola aldatzen den egoera. Gai batzuen inguruan hitz egiteari utzi, eta ikuspegia ireki nuen nolabait. Idazteko prozesuan ikusi nuen, besteak beste, nola agian ez gauden orain dela lau hilabeteko leku berean, nola autokritikarako unerik ere ez dugun izaten gizarte frenetiko honetan, nola ez dugun denborarik hartzen hausnartzeko, gelditzeko. Hausnarketarako tarte bat izan zen hori, gustatzen ez zaizkidanak aldatzen hasteko, aldaketa hori bilatzeko.

"Ohorea eta ametsa da Durangoko Azokan liburua aurkeztu ahal izatea"

'Etengabeko (ber)eraikuntzan' ari gara?

Uste dut ez dagoela gure azkeneko bertsiorik, etengabeko eraldaketan gaudela, eta ez dugula beldurrik izan behar eraiki dugun hori eraisteko eta horren gainean berriro eraikitzeko. Izan ere, nahiz eta ez dugun gogoko dagoeneko eraikita dagoena, agian eroso gaude eta beldurra ematen digu hori eraisteak, eta horren gainean berriro sortzeak. Hori irudikatu nahi izan dut liburuan, eta horregatik gaiak oso anitzak dira, aldaketa hori islatzen dutelako: nola egoera animiko desberdinetatik joan naizen pasatzen, eta egoera horietan idazten. Denek egiten dugun moduan, idatzi dut maitasunaz, desamodioaz, adiskidetasunaz, baina baita ere jorratzen dira berdintasuna, genero indarkeria, osasun mentala, suizidioa, denboraren igarotzea, nostalgia... Bizitzaren inguruko hausnarketak dira, azken batean, kezkatzen gaituzten gaiak. Batzuk badira nire bizipen propioetan oinarrituta, beste batzuk inguruko jendeak inspiratuta...

Asteazkenean aurkeztuko duzu Zuloa liburu dendan.

Liburuaren aurkezpena IAKn izan zen maiatzean, eta gero errezitaldiak izan ditugu. Liburuak eskaini didan gauza polit bat izan da jende asko ezagutu ahal izan dudala, Gasteizko jendea, idazten duena edo artea gustatzen zaiona bere diziplina guztietan... Eta asteazkenean egingo dugun aurkezpena Alex Martinez Karpiorekin izango da; handpana jotzen du, eta berarekin egingo dut errezitaldi musikatua. Duela astebete egin genuen Estitxu tabernan, eta oso feedback ona izan zuen, oso polita da nola batzen diren artearen diziplina ezberdinak.

Eta Durangoko Azokan ostean, abenduaren 5ean.

Bai! Oso emozionatuta nago. Ohorea eta ametsa da bertan egotea. Euskal Herriko kultura ekitaldirik garrantzitsuenean liburua aurkeztu ahal izatea ametsa da niretzat. Hor ere aurkezpen errezitaldi musikatua egingo dut Alexekekin. Urduri bai, baina prest esperientzia hori bizitzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago