Baserri berria izango dute Olentzerok eta Mari Domingik

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 14a

Zulueta jauregiko lorategian izango da Olentzero eta Mari Domingiren baserria. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Zulueta jauregiko espazioak galtzagorrien animazioa izango du hainbat egunetan 18:00etatik 20:00etara.

Gasteizera nobedadeekin datoz aurten Olentzero eta Mari Domingi. Horra! izeneko espazio berria izango dute, Zulueta jauregiko lorategian. Baserri handi baten itxura izango du, eta bertan bi pertsonaien irudi berriak egongo dira. Haurrek barrura sartzeko aukera izango dute, gutunak emateko, eta animazio bizia ere izango da.

Kultura zinegotzi Sonia Diaz de Corcueraren arabera, helburua Olentzero eta Mari Domingiri "ingurune magiko eta deigarria eskaintzea" izan da, eta horrela, Gabonetako ibilbide berezia osatuko dute Floridako Jaiotzatik Zulueta lorategiraino. Horra! abenduaren 5ean irekiko dute 16:00etan, eta 18:00etan egingo da inaugurazio ofiziala. Espazioa abenduaren 25era arte egongo da zabalik, 10:00etatik 21:30era, eta galtzagorrien animazioa egun zehatzetan izango da, abenduaren lehen hamabostaldian.

Ohiko moduan, abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingi galtzagorriekin iritsiko dira Gasteizera, eta 10:00etatik 15:00etara haurrei gutunak jasoko dizkiete udaletxean. Arratsaldean, 18:00etan, 400 lagunek osatutako desfilea abiatuko da Iparralde gizarte-etxetik. Legutioko Atea, Frantzia eta Olagibel kaleak zeharkatuko ditu, eta Andre Maria Zuriaren plazan amaituko da, gaztainak eta abestiak tarteko. Lau karroza izango dira —horietako hiru Olentzero eta Mari Domingiri eskainiak—, eta parte hartuko dute, besteak beste, Cal y Canto antzerki-taldeak, Indarra elkarteko panpina mitologikoek eta Judimendiko Joaldunek.

Errege Magoen desfilea urtarrilaren 5ean egingo dute, eta 300 pertsonak osatuko dute. Goizean tren geltokira iritsiko dira, eta haurrak agurtuko dituzte Plaza Berrian eta Goiuri jauregian. 19:00etan hasiko da Kabalgata, Bilbo plazatik abiatuta eta hiriko kale nagusiak zeharkatuz. Zazpi karroza izango dira guztira, tartean fantasiazkoak eta Errege Magoenak, eta nazioarteko taldeek parte hartuko dute, hala nola Sbandieratori de Fossano (Italia), Bambolea Ardentia (Madril) eta Stelzen Art Enchanted Garden (Alemania).

Zulueta jauregian paratuko dute baserri berria. Irudia: GASTEIZKO UDALA

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago