Lan Ikuskaritzak ebatzi du Gasteizko Udalak Enviser enpresako lorezainen greba eskubidea urratu zuela, Olarizuko erromeriarako zelaia prestatzeko beste enpresa bat kontratatu zuenean. Enviserri azpikontratatutako langileek ia sei hilabete zeramatzaten greban irailaren 10ean.
Erromeria hurbil zela eta, udalak traktore bat bidali zuen Olarizuko zelai nagusia berdindu eta belar luzea mozteko, festarako gunea egokitzeko asmoz. Langileek salaketa jarri zuten Lan Ikuskaritzan, uste baitzuten jarduera horrek greba eskubidea urratzen zuela. Ikuskaritzak baieztatu du udalak arau haustea egin zuela.
Udalak aste hasieran jaso zuen ebazpena, eta helegitea aurkezteko asmoa du. Bere ustez, "ez zen greba eskubidea urratu". Gogorarazi dute langileak urriaren hasieran itzuli zirela lanera, baldintza hobeak adostu ondoren.
Beatriz Artolazabal Espazio Publiko eta Auzoetako zinegotziak adierazi duenez, haien "jarduera ez zen Enviserrekin genuen kontratuaren parte, eta horregatik uste dugu egin genezakeela. Gure esku hartzea zuzena izan zen, legez babestuta zegoen eta beharrezko oinarriak zituen".