2026ko martxoaren 3an 50 urte beteko dira Polizia Armatuak Gasteizko San Frantzisko elizan langileen asanblada bat bortizki erasotu zuenetik, bost langile hil eta ehun bat zaurituta. Ondorengo egunetan, manifestazio solidarioetan, poliziak beste bi pertsona erail zituen Tarragonan eta Basaurin. Gertaera haiek Euskal Herriko memoria kolektiboan iltzatuta daude, eta Martxoak 3 elkarteak programa zabala aurkeztu du urteurren berezi honetarako.
Urteurrenaren harira, logo berria ere aurkeztu dute, klandestinitatean jarritako monolitoan inspiratua eta euskal hilarri tradizionalaren itxura duena. Irudi horrek adierazten du, elkartearen esanetan, 50 urte igaro arren zauriak oraindik irekita daudela.
Martxoaren 3ko biktimek bost hamarkada daramatzate egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen. "Azken urteotan erakundeek aitorpen pauso batzuk eman badituzte ere, Gasteizko herria eta herri mugimenduak izan dira memoria bizirik mantendu dutenak", elkarteko kideen esanetan. Oroimen kolektibo hori elikatzeko diziplina artistiko eta sozial ugaritan oinarritutako egitaraua aurkeztu dute.
Jarduerak
Batetik, literatur lehiaketa aurkeztuko dute datozen egunetan. Bestalde, langile zinemaren zikloa abiatuko dute 2026ko apirilean, eta otsailaren 28an ekitaldi instituzionala egingo dute Europa Jauregian, M3 elkarteak antolatuta. Unitate didaktiko berria ere aurkeztu du aurten elkarteak, 2014ko bertsioa eguneratuta, hezkuntzan eduki hauek lantzen laguntzeko.
Nazioarteko erakusketa bat ere inauguratuko dute urtarrilean, munduko hainbat txokotatik bildutako memoria euskarriekin. Desinformazioari buruzko jardunaldiak ere egingo dituzte otsailean, 1976an zabaldutako errelatoen inguruan hausnartzeko. Film labur berri bat ere filmatu dute, edizio fasean dagoena, eta datorren urtean estreinatuko dutela iragarri dute. Amaitzeko, San Frantzisko elizara bisita gidatua egitea aurreikusi dute, Peña Gantxegi fundazioaren eskutik.
Jarduera hauek guztiak Gasteizko kultur eragileekin eta hiriko elkarteekin elkarlanean antolatuko dira. Martxoak 3 elkarteak eskerrak eman dizkie laguntzaile guztiei, oroimenaren transmisioa eta biziraupena posible egin dutelako. "Horiek gabe, orain eta aurreko hamarkadetan ezinezkoa zatekeen oroimena bizirik mantentzea", adierazi dute.