Gasteizko Udalak Naroa Zubillaga Gomez eta Irene Hurtado de Saratxo Mendieta hautatu ditu 2025eko Vitoria-Gasteiz sarien irabazle, haur eta gazte literaturaren euskarazko itzulpenik onenak aitortuz. Bakoitzak 9.000 euroko saria jasoko du, iaz argitaratutako liburuen artean aukeratutako itzulpenengatik.
Haurren kategorian, Annette Pehnt, Josephine Mark eta Jutta Bauer egileen Des barbeiss / Zipotz liburuaren itzulpenagatik aitortu dute Zubillagaren lana. Gazte kategorian, berriz, Hugo Pratt idazlearen Una ballata del mare salato / Itsaso gaziaren balada bat lanaren itzulpenagatik eman diote saria Hurtado de Saratxori.
Orotara, Karlos del Olmo, Ainara Ruiz, Itziar de Blas, Miren Ibarluzea eta Karlos Zabalak osatuta epaimahaiak hamalau lan aztertu ditu: 11 haurren kategorian eta hiru gazteenean. Arabako Aldizkari Ofizialean jaso dute gaur erabakia. Zubillagak bi urtez jarraian irabazi du lehiaketa. Izan ere, iaz Marlen Haushofer idazle austriarraren Horma lanaren itzulpenagatik jaso zuen aitortza.