Sidenorreko Jainagak gaur emango du deklarazioa Israeli altzairua saltzeagatik

Jon Hidalgo 2025eko azaroaren 12a

Jainaga, aurten, Korta saria jasotzen, bere ibilbide profesionalagatik. Argazkia: Sidenor

Gazako genozidioaren bitartean 33 aldiz bidali zuten altzairua Israelera. Kontrabandoa eta gizateriaren aurkako delitu baten konplize izatea leporatu diote Jainagari, Sidenorreko beste bi goi kargurekin batera.

Sidenor enpresako presidente Jose Antonio Jainaga Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurrean deklaratzera deituta dago gaur, Israelgo IMI armagintza enpresari altzairua saldu izanagatik. 2023ko otsailetik 2025eko ekainera bitartean, Sidenorrek 42 bidalketa egin zizkion IMIri, guztira 4.587 tona altzairu, eta 5,8 milioi euro jaso ditu trukean. Horietatik 33 bidalketa Gazako genozidioa hasi ondoren egin ziren.

Francisco de Jorge epaileak kontrabandoa eta gizateriaren aurkako delitu baten konplize izatea egotzi die Jainagari, Marco Pineda zuzendari orokorrari eta Iñigo Molero zuzendari komertzialari. Autoaren arabera, Sidenorrek "behin eta berriz" bidali zuen altzairua Israelera, jakinik "erosleak askotariko armak fabrikatzen" dituela. Espainiako Gobernuari baimenik eskatu gabe egin zuten, eta dagokion erregistroan izena eman gabe.

Prozedura Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkarteak aurkeztutako kereila baten ondorioz zabaldu zen. Kereila aurkeztu zen egunean, Sidenorren 122 tona altzairuko zama bat zegoen prest Bartzelonako portuan uztailean igortzeko, baina bi bidalketa bertan behera geratu ziren. Enpresak uztailean iragarri zuen Israelekiko komertzioa etengo zuela.

2023an zehar, bidalketa txikiagoak egin zituen Sidenorrek, baina harreman komertzialaren azken hilabeteetan karga handiak igorri zituen: apiriletik ekainera zazpi bidalketa egin zituen, eta horietatik lau 300.000 kilo baino gehiagokoak izan ziren. Handiena, ekainaren 12an, 363.906 kilokoa.

Jainagaren deklarazioa garai arantzatsuan dator. Aurreko astean itxi zuen Talgo tren konpainia eskuratzeko operazioa. Sidenorrek, Eusko Jaurlaritzak eta BBK eta Vital fundazioek Talgoren akzioen %29,76 erosteko tratua sinatu zuten Pegaso funtsarekin. 156,7 milioi euroko operazioa da, eta 2026ko urtarrilaren 31rako gauzatuko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago