Gasteiz Anitza ekimenak jardunaldiak antolatu ditu azaroaren 14an eta 15ean Gasteizen, aniztasuna, arrazakeriaren aurkako borroka eta eskuin muturraren gorakada ardatz hartuta. Helburu gisa jarri dute auzolanerako eta kulturarteko trukerako espazioak sortzea, bizikidetza inklusiboagoa sustatzeko.
Auzoz auzo diskurtso arrazisten gorakadari eta bazterketari aurre egiteko asmoa du Gasteiz Anitzak, erdigunean jarriz auzo elkartasuna, bitartekaritza komunitarioa eta bizikidetza. Hiri justu eta inklusiboago baterako bidea sustatzeko bi eguneko egitaraua antolatu dute, hainbat mahainguru eta tailer antolatu dituzte, eta larunbat gauean Gasteizko Gaztetxean kontzertuak izango dira, itxiera gisa.
Tailer eta mahainguruak
Ostiral goizean hirian martxan dauden esperientziak landuko dituzte EHUko Ingeniaritza Eskolako areto nagusian, 10:00etan hasita. Arratsaldean berriz, 17:00etatik aurrera, hainbat tailer antolatu dituzte, aldi berean, eta hurbiltzen direnek bi hautatu beharko dituzte, parte hartzeko. Dekolonialismoa eta pribilegio zuria landuko ditu Tania Sirianyk; arrazakeriaren aurkako borroka eta feminismoa uztartzeaz arituko da Pastora Filigrana, eta komunikabideen rola aztertuko du Arantza Gutierrezek. Bestalde, ESKko Julio Sanchez abokatuak eremu legala landuko du, identifikazio baten aurrean izan beharreko jokabideak azaltzeko, eta okupazioa ere landuko dute Sergio eta Hafsak, segurtasuna eta beldurraren arteko mugan.
Larunbat goizean mahainguru jendetsua izango da Aldabe gizarte etxeko antzokian, 10:00etan. Gasteiz Antirrazistako bi kidek dinamizatuko dute saioa, eta bertan parte hartuko dute Judimendiko lonjen kudeaketa kolektiboan aritutako pertsona batek, Arteako Basoa proiektuko kide batek, Bizkaiko Agharas elkarteko kide batek, eta migratzaileei laguntzen aritutako Iparraldeko J’Accuse taldeak.
Urrunagotik ere etorriko dira mahainguruko parte hartzaileak. Italia eta Frantzia arteko mugan dabilen On Borders taldea ere bertan izango da, eta baita Alpe Garaiko mugako Oulx laborategi etnografikoa ere. Madrildik ExMENAs elkarteko bi kide etorriko dira, eta Bartzelonako Top Manta sindikatuko ordezkari bat ere izango da Aldaben.
Mahaingurua amaituta, Aldabe pareko Talka plazan elkartzeko deia egin dute 14:00etan, aperitiboa eta musikaz gozatzeko, eta gau partean, 20:00etatik aurrera, kontzertuak izango dira Gaztetxean. Elh Malik senegaldarraren musika eta Marokoko Asammer Band taldearen doinuak izango dira oholtza gainean.
Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina antolatzaileek adierazi dute gomendagarria dela aurrez izena eman eta garaiz iristea, batez ere ostiral arratsaldeko tailerretara. Izena emateko formulario bat zabaldu dute, hemen eman daiteke izena.