Gasteizko Hedegile kalea ezaguna izan zen urtetan harategi ugari bildu zituelako, eta, tartean, moxala eta zaldia saltzen zuten zenbait harategi ere. 1950ean ireki zuten Mario moxal harategia izan da azkena, honek ere pertsiana jaitsi baitu aste honetan. Azken egunetan iragarri dute bezeroen artean, eta ohar batean jakinarazi dute gaur harategia itxi dutela.
Ezustekoa izan da bezeroen artean, bat-batean heldu baita albistea. "Osasun arazoengatik" eten behar izan dute negozioa, eta behin betiko izango da, jakinarazi dutenez. Erakusleihoan jarritako oharrean, eskerrak eman dizkiete urteotan bezero izan direnei eta "bidean egindako lagunei". Izan ere, bezero multzo handia izan du, moxalaren espezializazioak inguruko eta kanpoko lagunak ere erakagarri baititu.
Arabako haragia zuten, Hedegile kaleko dendarako nahiz etxeko salmentarako, sare sozialetan ere iragarrita zutenez. Mario Ballesterosen familiako bigarren belaunaldiak jarraitu du negozioarekin azken urteotan, eta honek eman dio amaiera.
